ZORITXARRA USTEKABEANJuanjo Zearreta hil da! — Zelan?... Halakorik! Autzaganeko bide labankor horretan gertatu behar! Makina bat auto-istripu izaten da bide horretan! Zerbait egin behar da! Eskapada gehiegi izaten dira hor! Sarriegi esaten dira horrelakoak, sarriegi. Bide deabrua! Eta kamioia etorri behar goitik behera! Zoritxarra ustekabean heldu zitzaion Juanjori Autzaganen, egun beltz eta euritsu batean. Bermeotik zetozela, gure arrantzaleak askatzeko antolatu zen manifestazioan egon ondoren, auto-istripua izan zuten. Istripua ikusi genuenok bagenekien larria zela, oso larria. Zoritxarra, benetako zoritxarra izan zutela esango nuke. Eta ez da lehen aldia familia horretan.
Une latz hauetan, hasierako harridura, sinestu ezina eta haserrea gainditu ostean, Juanjo Zearretaren inguruko xehetasun batzuk adierazteko unea heldu dela uste dut. Euskaltzalea, hur-hurrekoa, bihotz onekoa eta itzal handia utzi duen gizona da Juanjo. Ezagutu dugunok badakigu hutsune handia utzi duela gure inguruan. Hutsunea igarriko dute Andrandi auzoan zapatuetako afari lagunek, Nikolasek eta konpainiak. Hutsunea sumatuko dute Laidako Kanping-ekoek ere, Eduardo Mezok eta lagunek. Hutsune handia izango dute Euskaltzaindiko kideek ere, Lizundiak eta gainerakoek. Baita familiako Mª Asunek eta lagunek ere. Eta zelan ez, hutsunerik handiena etxe-etxekoek igarriko dute: Eufemik, Ekaitzek, Txaberrek, eta baita Bingenek eta Mikelek ere. Hutsune handiegia utzi du Juanjok.
Euskaltzaindiko kudeatzailea eta euskaltzain urgazlea izan da Zearreta, baina ibilbide luzeagoa eta oparoagoa izan du euskararen inguruan. 60ko hamarkadaren amaieran hasi zen euskalduntze eta alfabetatze kanpainetan parte hartzen. Gero 1970ean Lehen Urratsak liburuaren prestaketan jardun zuen. Beranduago, 1975-76an, herrialde guztietako batzordeak batu eta Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundea (AEK) sortu zenean, bera izan zen sortzaileetariko bat. Hainbat lan argitaratu zituen elkarlanean: Euskalduntzen (1972), Alfabetatzen (1975), Euskara: Hizkuntza ariketak (1976), Euskal Hiztegi Modernoa (1977), Sortzen I (1978), Hiztegia 80 (1980). Zein irakaslek ez ditu ezagutzen liburu eta hiztegi horiek? Garai batean ezinbestekoak izan ziren irakaskuntzan.
1973an hasi zen lanean Euskaltzaindian eta lankideek ondotxo ezagutu dute. Andres Urrutia Euskaltzainburuak hauxe esan zuen Juanjori buruz: “Lanerako beti prest eta gogotsu, erakundearekiko leiala, ordu asko eman ditu Juanjok Euskaltzaindiaren zereginetan. Beti erne, beti adi, azken ukitu arte, Euskaltzaindiak antolaturiko ekitaldietan dena erraz eta gozo joan dadin. Euskaltzaindiaren kudeatzailea eta sustatzaile nekaezina izan da”.
Alderdi pertsonalean, benetan ezagutu duenak badakizki Juanjo Zearretaren zaletasunak: familia eta lagunak, Laida eta Athletic taldea. Horregaitio izan zen urteetan San Mameseko esataria. Gogoan dut oraindik haren ahotsa jokalarien izenak irakurtzen edota aldaketak adierazten zituenean. Baina ezezaguna den zaletasun bat ere bazuen: Iratiko inguruak. Aste Santuko txangoa izugarri gustatzen zitzaion Nafarroan barrena.
Itzal handiko gizona izan da Juanjo Zearreta. Berari esker eta bera bezalako euskaltzaleei esker gaude gu hemen euskara irakasle eta euskal kulturaren sustatzaile. Zure eta zulakoen lanari esker egin dugu aurrera. Eskerrik asko Juanjo, bihotz-bihotzez. Eta egun handirarte.