1952. urtean Maria Angeles Larreak Balentin Berriotxoa akademia zabaldu zuen Zornotzan, Urtzelairen txaletean. Hainbat eta hainbat zornotzar izan ziren bertan erdi mailako ikasketak egiten. Hor egon ziren batxilerra ikasten Jon Idigoras (politikoa), Lopez Arriortua (ingeniaria) ... eta abar eta abar.
Martxoaren 8a da Nazioarteko Emakumeen eguna, hori dela eta aportazio txiki bat egin nahi izan dut. Gure herrian batxilerrean egondako emakumezko irakasle batzuk aipatu nahi ditut gaurko idazkian. Garai horretan Zornotzan ez ziren asko izan batxilerreko andereñoak, orduan ez zen ohikoa emakumeek ikasketak izatea, baina andereño batzuek bidea egin zuten maisu artean.
Maria Angeles Larrea da horietako bat, Valladoliden goi mailako ikasketak egin eta doktoregoa Madrilen amaitu ondoren Zornotzan eskola irekitzea erabaki zuen. Neska gaztea zela, Maria Angeles bere aita zornotzarrarekin, Gabinorekin, gure herrian zegoela Yarza alkatearekin egin zuten topo eta Gabinok harro bere alaba lizentziatu berria aurkeztu zuen. Maria Angelesen ametsa Zornotzan ikastetxe bat irekitzea zenez, alkateari adierazi zion bere asmoa eta Valladolideko Unibertsitateko baimena lortu ondoren eskola ireki zuen Larreak. Gure inguruan ez zegoen erdi mailako ikasketak -batxilerra- emateko baimena zuen ikastetxerik, ez Gernikan, ez Durangon. Bilbon bakarrik egiten ziren ikasketa horiek. Beraz, lortu zuena oso garrantzitsua izan zen gure herriarentzat.
M.A. Larrea zuzendari zela, herriko ikasleez gain inguruko herrietako ikasleak ere izan ziren Balentin Berriotxoa ikastetxe sortu berrian. Gelan den-denak ziren mutilak eskola mistoak orduan debekatuta zeudelako. Hala ere, ukaezina da zein garrantzitsua izan zen ikastetxe hori gazte askorentzat, horri esker askok goi mailako ikasketak egiteko aukera izan baitzuten.
Handik urte gutxira Andres Mañarikuak Maria Angeles Larreari deitu eta Deustuko Unibertsitatean eskolak emateko proposamena egin zion. Larreak eskaintza onartu eta Zornotzako eskola utzi egin zuen. Horrelaxe izan zen Deustuko Unibertsitatean emakumezko lehen irakaslea. Meritua handia benetan!
Baina goazen berriro ere harira. Larreak Balentin Berriotxoa utzi eta gero, Don Juan Goikolea abadearen eskutik, Leclerc frantsesa heldu zen Zornotzara Aragoitik. Munduko Gerra amaitu eta Frantziatik ihes egindako gaztea zen hori. Hitlerren jarraitzaile sutsua ei zen eta horregatik ihes egin zuen Frantziatik Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean. Eta badirudi Jacques Leclerc jeneralaren loba ere zela gazte frantsesa. Jeneral horrek Paris askatu zuen nazien atzaparretatik. Familia batekoak izanda bi bandotan egon behar!
Izan ere, urte ilunak izan ziren Balentin Berriotxoan Leclerc zuzendaria izan zen bitartean. Zorrak, salaketak, emaitza eskasak ... izan ziren nagusi. Azkenean Leclerc bota egin behar izan zuten bide okerra hartua zuelako ikastetxeak.
Eta zorionez, 60. hamarkadan gauzak hobetu egin ziren Don Pedro abadeak zuzendaritza hartu zuenean eta aurrera egin zuten Zornotzako beste irakasle batzuekin batera, Etxebarriarekin, Adolforekin ... eta emakumezko beste irakasle batekin: Pepita Aldekoarekin. Zein garrantzitsuak izan ziren irakasle zornotzarrak!
Honekin amaitzeko, artikulu hau batxilergoko andereñoei buruz denez, ezin ditut utzi aipatu gabe Karmelo ikastetxeko Marivi eta Urritxe institutuko Maite Crespo, Itziar Abasolo... Nik uste dut aipamen berezia merezi dutela izendatutako guztiek Zornotzako batxilergoan lehen andereñoak izan direlako, nahiz eta batzuk oraintsu arte irakaskuntzan egon. Eskerrik asko guztiei!