martes, 13 de octubre de 2009

EUSKARA (3)



EUSKARAREN JATORRIA:

AZKEN BERRIAK



Aurreko batean euskararen jatorriaren teoriei buruz idatzi nuen, eta beste behin euskararen mugei buruz. Baina azken urteetan Europako hainbat herrialdetako linguistak eta genetistak ikerketa interesgarriak argitaratzen ari dira guri buruz eta oihartzun txikia izan dutela uste dut. Nire asmoa ikerketa horien berri ematea da, modu xume eta erraz batean.

Europan hautsak harrotzen ari dira ikerketa horiek direla eta. Orain arte Europako gizakia eta hizkuntzak indoeuroparraren ondorengoak direla esan dute, baina azken ikerketen ondorioz zalantzan jartzen ari dira. Oxford Unibertsitateko Stephen Oppenheimer-ek idatzi zuen britainiarren jatorri genetikoa Kantauri itsasoaren isurialdean dagoela. Britainiarrak euskaldunen ondorengoak direla esatera heldu da. Ondorio horretara heltzeko ikerketa genetikoak erabili zituen eta gaur egun ziurtzat hartzen den datu bat ere: glaziazioko aztarnak. Duela 20 mila urte glaziazio aroan Europa izoztuta zegoenean Kantauri itsasoaren kostaldeko klima leunagoa zenez giza talde ugarik babesa aurkitu zuen bertan eta gero, berriz ere, Europan zehar sakabanatu ziren. Horren froga dira kobazuloetako aztarnak. UNESCOk berak ere gizateriaren ondare izendatu behar izan du hainbat kobazulo. Datu gehiago jakin nahi izanez gero Oppenheimerren “The origins of the british” liburuan daude.



Alemaniako ikerlariak ere ildo beretik doaz, “Spektrum der Wissenschaft” aldizkari zientifikoan – “Scientific American” aldizkariaren edizio alemaniarrean – argitaratu zituzten ikerketa interesgarriak Theo Vennemann linguistak eta Peter Forster genetistak. Venneman Munich-eko Ludwig-Maximilian Unibertsitateko linguistika irakaslea da eta urteetako lanaren berri eman digu. Glaziazioa amaitu zenean Kantauri itsasoaren kostaldeko giza taldeak Europan zehar sakabanatu ziren hizkuntza eta ADNa zabalduz. Giza talde horiek euren hizkuntzarekin –protoeuskara­rekin – ingurua ezagutu ahala izenak jartzen hasi ziren. Gaur egungo ibai, ibar, ur, aran ... euskal hitzen parekoak aurkitu ditu Vennemann hizkuntzalariak Europako ibai, mendi eta ibarretan. Berrehun baino gehiago izan dira guztira: Ebersberg, Ebrach, Eber, Aranbach, Ebreon, Ivry, Eberbäche, Urofia, Huriel, Ourte, Urwis, Ura, Aurach, Auerbach, Urula, Ibar, Ybbs ... Ikerlariek uste dute orduko lehen giza taldeek izen bereziak jartzen hasi baino lehengo izen arruntak erabili zituztela tokiak izendatzeko.
Baina hizkuntzalari alemaniarraren teoriari bultzada handia eman dio Peter Forster genetika ikerlariak. Euskaldunen eta europar gizakiaren ADN mitokondriala aztertu ondoren ikerlari hori ondorio batera heldu da: Europako biztanleen hiru laurdenek ama-arbaso euskalduna izan zutela. Azpigene mitokondrialak igualak dira Europako gehiengoaren eta euskaldunen artean. ADN mitokondriala amagandik baino ez da transmititzen eta antzekotasun horrek ama-arbaso batengana garamatza.
Ziur gaude laster izango dugula informazio zehatzagoa eta genetikak aurrera egiten duen heinean mito, uste eta teoriak bertan behera geratuko direla. Genetikari esker aurrerapauso ikaragarriak espero dira etorkizunean eta giza taldeen migrazioak ez ezik jatorria ere aztertzeko balioko digu.
Eta amaitu baino lehen, kontu xumeago bat adierazi behar dizuet. Aurten oporretan Avilako Gredos aldean egon naiz eta bertako toponimiak jakin-nahia piztu dit. Euskal senak esan dit bertako toponimo askok euskal kutsua dutela: Mingorria (bertako lurra gorri-gorria da), La Naba (mendiko lautadan); Aravalle (arana); Narros (antzinako nabarros); Muñana, Muñogalindo, Gorria, Mingubela, Mirueña, Zorita eta abar luzea. Norbaitek esan lezake Errekonkista garaiko euskaldunen aztarna dela, arabiarren kontra joandako euskaldunen aztarna hain zuzen, baina ni urrunago joango nintzateke, Alemanian edo Akitanian, Lleidan, Sorian, Burgosen, Errioxan eta Huescan euskal toponimoak badaude zergatik ez hegoalderago? Asko dago oraindik ikertzeko, bai gero!

lunes, 1 de junio de 2009

MEMORIA HISTORIKOA (2)

ERBESTEKO ZORNOTZARRAK
Gerra zibilaren ondorioz euskaldun askok egin zuen ihes Ameriketara. Horietako batzuk euskal kulturaren aitzindariak ziren, abeslariak, kazetariak, idazleak, irakasleak eta abar. Oraingoan zornotzar bi aipatu nahi ditut: Kepa Derteano Basterra eta batez ere, Pedro Ormaetxe Aldana “Aita Lontzi”. Aurten beteko direlako 60 urte hil zela, Txilen.

Kepa Derteano Zornotzan jaio zen 1923an eta erbesteko euskal idazleen adierazle nagusia da gaur egun Venezuelan. En el surco de la tierra liburuan erakutsi digu bere sortze lanaren sakontasuna narrazio laburrak erabiliz. Eta baditu beste liburu batzuk ere, autobiografikoa da bata, Quiero acabar con la guerra de mi padre liburua. Hor adierazten du Zornotzan umetan bizi izandakoa eta baita erbestean bizi izandakoa ere. Hortxe parean dago Huellas liburu ezaguna ere eta beste hainbat lan.
Garai batean, Peru de Arteaga ezizena ere erabili zuen Kepak liburuak eta komunikabideetako lanak sinatzeko.
Eta idazle lanaz gain, luzaro Euskal Etxeko presidente lana hartu zuen erbesteko euskaldunei laguntza emateko. Askoren ustez, Ameriketan euskal kulturari guztia eman dion euskaltzalea da.
Hemendik lagundu nahirik, Saturraran Argitaletxea sortu zen erbestean egindako lanak argitaratzeko eta euskal diasporako idazleei babesa emateko. Dena dela, aipamen berezia merezi duen idazlea da Kepa Derteano, inongo zalantzarik gabe. Itzala utzi duen zornotzarra.



Era berean, Pedro Ormaetxek, “Aita Lontzik”, prentsa artikuluez gain “Ipuintxuak” eta “Bigarren ipuintxuak” olerki-liburuak argitaratu zituen Txilen. Boroan jaio bazen ere Txileko Viñas del Mar herrian hil zen 1949an. Horregatik aurten, hil zela, 60. urteurrena beteko da. Euskaltzalea, luma fineko idazlea eta olerkaria handia.
P. Ormaetxe karmeldarrak hainbat ezizen erabili zituen lan ugari sinatzeko: “Lontzi Aba”, “Ormalda”, “Ormetxe” eta abar.


Baina bekokia ilundu barik, aipagarria da gure herriko Udal Liburutegikoa, bi idazle horien obra bakar bat ere ez izatea gero! Harrigarria! Kulturan hainbeste diru gastatzen den herri batean.

Eta amaitzeko, euskal erbesteratu guztien omenez, hona hemen Aita Lontziren olerki batzuk:

HERRIRA BEGIRA
Hor-hemendik ludiak (munduak)
begien aurrera
ikustekoak dakarz
noizean noizera,
baina bihotz-begiak
daukodaz begira
barruan daroadan
euskaldun herrira.
................
Erbestean bizitza
igaro beharra
edozeinentzat bada
neketsu gogorra,
maitatzen dauanarentzat
euskaldunen lurra
beste guzti-guztia
da neke eta lorra.
................
Soina geratu barik
dabil horra-hara
geldi egon ezin dan
gaixodun-antzera,
baina bihotz, gogo, nahi
eta ametsa berbera
Txilen baino gehiago
sorterrian dira.

ZIGOR BAT
Hogei urte zigortzat
ezarri ondoren
esatekorik eukan
auzian inotson
...................
Esan gura neuskio,
esan, sendiari,
ezdagidala jateko
itxaron gaur niri.
..................
Eskerrak dagitsudaz,
bihotzez epaile,
damostazuzalako
oraindik urte.
.................
Hemen dinotsudazan
hitzok batek argi,
esan ebazan Bilbon
orain aldi gitxi.

miércoles, 15 de abril de 2009

BALENTIN BERRIOTXOA AKADEMIA




1952. urtean Maria Angeles Larreak Balentin Berriotxoa akademia zabaldu zuen Zornotzan, Urtzelairen txaletean. Hainbat eta hainbat zornotzar izan ziren ­bertan erdi mailako ikasketak egiten. Hor egon ziren batxilerra ikasten Jon Idigoras (politikoa), Lopez Arriortua (ingeniaria) ... eta abar eta abar.

Martxoaren 8a da Nazioarteko Emakumeen eguna, hori dela eta aportazio txiki bat egin nahi izan dut. Gure herrian batxilerrean egondako emakumezko irakasle batzuk aipatu nahi ditut gaurko idazkian. Garai horretan Zornotzan ez ziren asko izan batxilerreko andereñoak, orduan ez zen ohikoa emakumeek ikasketak izatea, baina andereño batzuek bidea egin zuten maisu artean.

Maria Angeles Larrea da horietako bat, Valladoliden goi mailako ikasketak egin eta doktoregoa Madrilen amaitu ondoren Zornotzan eskola irekitzea erabaki zuen. Neska gaztea zela, Maria Angeles bere aita zornotzarrarekin, Gabinorekin, gure herrian zegoela Yarza alkatearekin egin zuten topo eta Gabinok harro bere alaba lizentziatu berria aurkeztu zuen. Maria Angelesen ametsa Zornotzan ikastetxe bat irekitzea zenez, alkateari adierazi zion bere asmoa eta Valladolideko Unibertsitateko baimena lortu ondoren eskola ireki zuen Larreak. Gure inguruan ez zegoen erdi mailako ikasketak -batxilerra- emateko baimena zuen ikastetxerik, ez Gernikan, ez Durangon. Bilbon bakarrik egiten ziren ikasketa horiek. Beraz, lortu zuena oso garrantzitsua izan zen gure herriarentzat.

M.A. Larrea zuzendari zela, herriko ikasleez gain inguruko herrietako ikasleak ere izan ziren Balentin Berriotxoa ikastetxe sortu berrian. Gelan den-denak ziren mutilak eskola mistoak orduan debekatuta zeudelako. Hala ere, ukaezina da zein garrantzitsua izan zen ikastetxe hori gazte askorentzat, horri esker askok goi mailako ikasketak egiteko aukera izan baitzuten.

Handik urte gutxira Andres Mañarikuak Maria Angeles Larreari deitu eta Deustuko Unibertsitatean eskolak emateko proposamena egin zion. Larreak eskaintza onartu eta Zornotzako eskola utzi egin zuen. Horrelaxe izan zen Deustuko Unibertsitatean emakumezko lehen irakaslea. Meritua handia benetan!

Baina goazen berriro ere harira. Larreak Balentin Berriotxoa utzi eta gero, Don Juan Goikolea abadearen eskutik, Leclerc frantsesa heldu zen Zornotzara Aragoitik. Munduko Gerra amaitu eta Frantziatik ihes egindako gaztea zen hori. Hitlerren jarraitzaile sutsua ei zen eta horregatik ihes egin zuen Frantziatik Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean. Eta badirudi Jacques Leclerc jeneralaren loba ere zela gazte frantsesa. Jeneral horrek Paris askatu zuen nazien atzaparretatik. Familia batekoak izanda bi bandotan egon behar!

Izan ere, urte ilunak izan ziren Balentin Berriotxoan Leclerc zuzendaria izan zen bitartean. Zorrak, salaketak, emaitza eskasak ... izan ziren nagusi. Azkenean Leclerc bota egin behar izan zuten bide okerra hartua zuelako ikastetxeak.

Eta zorionez, 60. hamarkadan gauzak hobetu egin ziren Don Pedro abadeak zuzendaritza hartu zuenean eta aurrera egin zuten Zornotzako beste irakasle batzuekin batera, Etxebarriarekin, Adolforekin ... eta emakumezko beste irakasle batekin: Pepita Aldekoarekin. Zein garrantzitsuak izan ziren irakasle zornotzarrak!

Honekin amaitzeko, artikulu hau batxilergoko andereñoei buruz denez, ezin ditut utzi aipatu gabe Karmelo ikastetxeko Marivi eta Urritxe institutuko Maite Crespo, Itziar Abasolo... Nik uste dut aipamen berezia merezi dutela izendatutako guztiek Zornotzako batxilergoan lehen andereñoak izan direlako, nahiz eta batzuk oraintsu arte irakaskuntzan egon. Eskerrik asko guztiei!

martes, 30 de septiembre de 2008

LIRIKA 3


PEDRO ORMAETXE, “AITA LONTZI”

Pedro Ormaetxe Aldana, ”Aita Lontzi”: zornotzar gehienentzat ezezaguna den izena. Etxanon jaio 1891n eta Txilen hil zen 1949an. Idazle karmeldar oparoa izan zen eta zenbait aldizkaritan idatzi zuen: “Jaungoiko Zalen”, “Karmelgo Argian”, “Ekinen”, “Euzko Deyan” eta abarretan. Baina gaurkoan Aita Lontziren bi liburu aipatu nahi ditut: “Ipuintxuak” eta “Bigarren ipuintxuak”. Olerki-liburuak dira biak eta Txilen erbesteraturik zegoela argitaratu zituen. Ikertu beharreko idazlea da, baina orain arte herriak bizkarra eman diola uste dut.

Gerra zibilaren ostean Zornotzan egon bada familia bat gogor zapaldua, hori Boroako Ormaetxetarra izan da, inongo zalantza barik. Tropa frankistek Zornotza hartu zutenean Aita Lontzik Txilera egin zuen ihes, Bonifacio anaia fusilatu egin zuten faxistek eta arrebak kartzelaratu. Bakar-bakarrik euskaltzaleak eta abertzaleak izateagatik. Sinestezina!
Aita Lontzi karmeldarra izan zen. Erraztasun handia erakutsi zuen idazteko baina ezagutu zutenek esaten dute karmeldarraren doarik handiena “erretorika” izan zela.
Hala ere, pare bat zehaztasun egin behar diot Aita Lontziren biografian idatzitakoari.
Alde batetik, Aita Lontziren biografian irakur daiteke Txilera misiolari joan zela, baina ez du esaten ihes egin behar izan zuela faxisten beldur zelako. Jakin dakigu Euskal Herritik gogoz kontra joan zela eta bai bere gutunetan eta bai bere idazkietan irakur daiteke erbestean bizi beharrak edozeinentzat neketsu eta gogorra bada, euskaldunen lurra maite duenarentzat askoz ere latzagoa dela.
Eta bestalde, abizena ere aldatu diote. Aita Lontziren biografian Pedro Ormaetxea abizena erabiltzen du Aita Santi Onaindiak. Hala ere, Pedro Ormaetxek —hauxe da bere abizena— ­ zenbait ezizen erabili zituen artikuluetan, adibidez, “Lontzi Aba”, “Ormalda”, “Ormetxe” , “Ormaetxetar Kepa” eta abar.
Karmeldar idazlea Boroako Zugaza baserrian jaio bazen ere Iruñean, Gasteizen eta Begoñan ikasketak egin ostean Larrako komentura etorri zen bizitzera, beste zenbait tokitan egon ostean.Gerra ondoren Txilera joan zen, Viña del Mar herrira. Eta bertako komentuan hil zen 1949ko urtarrilaren 15ean. Beraz datorren urteko urtarrilean 60 urte beteko dira hil zela. Zor zaharra, zor txarra!
Goazen liburuetara. “Ipuintxuak” eta “Bigarren ipuintxuak” olerki-liburuak dira, nahiz eta izenburu horiekin ipuin-liburuen itxura izan olerki-liburu interesgarriak direla esan beharra dago. Liburu bakoitzean ehun olerki-sorta zoragarri argitara eman ditu idazleak, zenbait argibiderekin batera. Lehenengo orrialdeetan Aita Lontzik hiztegitxo bat egin du irakurleak hobeto uler dezan eta gero “Baimenak” izeneko atalarekin jarraitu du. Atal horretan zenbait apaizen oniritzia edo baimena ematen da argitaratu ahal izateko. Eta azkenik, ehun orrialdetan beste hainbeste olerki zoragarri neurri txikian eta handian. Errima aberatsez osatuta daude guzti-guztiak eta uste dut ikerketa sakonago bat merezi duela Ormaetxe idazleak. Zoritxarrez gure herriak ez du aintzat hartu herriko semea. Pena handiz esaten dut hau baina egia da.
Ulertezina da nik esku artean ditudan bi liburu hauek, “Ipuintxuak” eta “Bigarren ipuintxuak” ez egotea Amorebieta-Etxanoko liburutegian. Harrigarria! Eta ziur nago hor egongo balira azterketa sakonago bat egiteko aukera izango luketela herriko aztertzaileek. Horretaz seguru nago.

miércoles, 14 de mayo de 2008

NARRATIBA 1


ZORNOTZAKO IDAZKIAK

Gaur egungo euskara ikertzeko testu idatziak ahozkoak bezain garrantzitsuak dira; baina XIX. mendeko euskara aztertu nahi dugunean testu idatzietara jo beharra dago, nahitaez. Ugari dira gure artean XIX. mendeko testu idatziak, batez ere testu erlijiosoak; hala ere, interes literario eskasekoak izan arren garai hartako euskara eta bertakoen ikuspegia aztertzeko oso interesgarriak dira.

Zornotzan aurkitutako testu idatziei buruz idaztea erabaki dut; gaurkoan, XIX. mendean idatzi zenari buruzkoa izango da. Halaber, ezin dugu ahaztu mendea gatazkarekin hasi zela: frantsesen kontrako gerrarekin. Napoleonek Euskal Herria erraz bereganatu zuen, hasieran; baina gero herriak gogor egin ondoren hemendik kanpora bota zituzten. Gero etorri ziren gerrate karlistak: lehena (1833-1839) eta bigarrena (1872-1876). Hala ere mendeak eman zituen idazleak eta kultura eragileak ugari izan ziren, batez ere mezenasak; baina hori beste egun baterako utziko dut.

Orain goazen harira. Duela hogeita hamar urte inguru Epaltzako Torre baserrian eskuz idatzitako liburuxka bat agertu zen. Anselmo Gortazarrek izenpetzen duen liburuxkak 234 orrialde ditu eta 1864. urtean dago sinatuta. Idazkiak ez du inolako asmo literariorik baina garai horretako Biblia kontalarien ezaugarri guztiak betetzen ditu.

Orduko idazle gehienak elizgizonak ziren eta alegilariak ez ezik Biblia kontalariak ere ziren, hau da, predikariak eta moral zuzentzaileak. Eta pulpitutik adierazteko eginak zeuden lan gehienak; horregatik, bi ezaugarri garrantzitsu zituzten idazki horiek: euskara erraza eta ulergarria zela.

Hala ere, Anselmo Gortazarrek ez du Biblia hitzez hitz azaltzen, ez du Biblia itzultzen, autore bakoitzak bere erara garatzen du Bibliako pasarte esanguratsu bat. Sermoietan trebatutako apaizek idatzi dituzte lan horiek eta irakurtzeko zein entzuteko eginak daude. Entzuleen arreta erakartzeko baliabidez beteta dauden lanak dira. Alde batetik, ez dago esaldi luze eta korapilatsurik, batik bat entzuteko direlako; bestalde, entzulearen arreta ez galtzeko etenak eta entonazio-aldaketak ugariak dira; eta azkenik, entzuleak gogoratzeko ideia nagusiak nabarmendu egiten dira, errepikatuz eta laburtuz. Beraz, mitinetan egiten den moduan.

Euskal literaturan oro har, baina bereziki XIX. mendeko literaturan, eduki eta helburu erlijiosoko lanak garrantzi handikoak dira. Horregatik, garai hartako euskara eta gertakizunak ikertu nahi badira bildu beharko ditugu lan horiek, galdu baino lehen.

Beraz, beharrezkoa izango litzateke Zornotzako dokumentu idatziak, hau da, gutunak, bertsopaperak, sermoiak... biltzea eta digitalizatu ondoren jabeei itzultzea. Horrela idazkien fondo publikoa edukiko genuke ikerketarako interesgarria bezain beharrezkoa.

jueves, 27 de marzo de 2008

KIROLA (1)


ZORNOTZAKO BOLA-JOKOAK


Gure herrian, nahiz eta hainbat bolatoki egon, bola-jokoa ez da batere ezaguna kaletarren artean, beharbada inguruko auzoetan daudelako bolatokiak. Eta noiz errotu zen kirol hau gure herrian? Ziur ez dakigu, baina antzinako kontua dela ezin da ukatu. Denetariko iritziak bildu ditut honen inguruan: batzuk harrigarriak eta beste batzuk posibleak. Baina, egia esan ez dago ezer zehatzik. Ibilbide historikoa egiten saiatuko naiz, ea zerbait argitzen dugun.

Gaur egun, bola-jokoa ia ezezaguna izan arren zornotzar askorentzat, duela mende bat, pilota baino zabalduagoa eta arrakastatsuagoa zen; eta ez zegoen jai ospakizunik bola-txapelketa barik. Antzina, meza entzun ondoren bolatokien inguruan batzen ziren gazteak, horixe zelako jarduera ludikorik zabalduena Bizkaian.
Aurreko mendean, Bizkaian 400 bolatokitik gora zeuden, gaur egun ordea, ez daude 100 bolatoki, eta horietatik 10 Zornotzan; beraz, ezin dugu ahaztu desagertzear dagoen kirol honek ikerketa sakonagoa merezi duela gure ondare historikoa delako. Goazen bada, bolen inguruko historia xumea egitera.
Batzuek esaten dute Grekoen garaiko kirola dela, Odisea obran Homerok idazten duelako nola jokatzen duten boletara Peneloperen maitaleek. Beste batzuek esaten dute Erromatarren garaikoa dela eta armada erromatarrak zabaldu zuela bola-jokoa Europan zehar. Eta azkenik, Telesforo Aranzadi eta euskal aditu batzuk daude zelten garaiko kirola dela esaten dutenak. Hiru teoria hauek dokumentatu gabeko hipotesiak direla esango nuke, baina badago laugarren bat, bola-jokoa Europan sortu zela dioena; Alemanian, VI. mendean hain zuzen. Alemaniako adituek diote bertako monasterioetako bakardadean monjeek jokatzen zutela boletara, eta handik inguruko herrialdeetara zabaldu zela; eta gero, Santiagoko bidea dela eta, erromesek hona ekarri zutela bola-jokoa.
Eta zergatik du pisu gehiago laugarren hipotesiak besteek baino? Dokumentu idatzietara jotzen badugu ez dagoelako ia ezer erromatarren, edo grekoen, edo zelten garaiko jokoa dela adierazten duenik. Adibidez, XIII. mendean Alfontso X.a Jakitunaren garaian Jolasen liburuan, ez da aipatu ere egiten bola-jokoa. Beraz askoren iritziz, Europan bola-jokoa oso zabaldua zegoen arren, gure artean oraindik ez; eta mende batzuk beranduago, Santiagoko bidea egiten ari ziren erromesek ekarriko zuten iparraldetik hona. Gero, XVII-XVIII. mendeetako dokumentuek adierazten dute kirol hau gure artean oso zabaldua egon zela. Jakina, denborarekin arauak eta modalitateak aldatuz joan dira; Bizkaiko modalitatea ez da Arabakoa, ez Gipuzkoakoa, ez Kantabriako modalitatearen modukoa, ezta Bearnoko modalitatea ere.
Euskal Herritik kanpo, gugandik hurbil, bola-jokoa oso hedatuta dago. Alde batetik, Kantabrian uste dute euskaldunok euskal pilota daukagun moduan, eurak bola-jokoa dutela. Eta bestalde, Bearnoko bizilagunek ere uste dute bola-jokoa bertan sortutako kirola dela. Baina egia esan, gaur egun, Frantziako hegomendebaldean oso zabaldua dago bola-jokoa eta badirudi, Bearnotarrek zabaldutako kirola dela.
Bukatzeko, hedapenaren inguruan esan beharra dago bola-jokoa Garona ibaiaren eta Ebro ibaiaren artean kokatzen dela, bereziki. Baskoniako eta Gaskoniako lurraldeetan oso zabaldua garai batean. Erromanizazioa baino lehen, harreman handiko bi lurralde ziren eta etorkizunean, uste dugu sorpresa handiak egongo direla.

EUSKARA (2)


EUSKARAREN MUGAK


Euskararen jatorriari buruz idatzi nuen aurreko batean, lau teoria aipatu nituen, baina gaurkoan, euskararen mugetatik ibilbide historikoa egiten ahaleginduko naiz. Badakit lan zaila dela baina alde batetik, toponimian eta euskaldunei buruz idatzitako testuetan oinarrituz, eta bestetik, paleolinguistikak eta paleoantropologiak markatutako bidea urratuz ahaleginduko naiz bidea egiten. Mitxelena, Caro Baroja eta beste hizkuntzalari askok urratutako bidea egingo dugu. Populazioaren genetikak edo biologia molekularrak ere lagunduko digu ibilbide honetan.

Erromatarrak etorri baino lehen, euskararen mapa oraingoa baino askoz
zabalagoa zela uste dugu. Epigrafiak eta toponimiak –tokien izenak– lagundu digute mugak zehazten eta zientzialari askoren ustez, euskara, Pirinioetako errealitatea izan da. Beraz, lasai asko esan daiteke euskararen eta euskal etniaren bizkarrezurra Pirinioak izan direla, duela 2.500 urtetik Erdi Arora. Eta lehenago zer?
Paleolinguistikak emandako datuak, hau da, linguistek emaniko datuak bat datoz paleoantropologiak –giza aztarnak eta fosilak ikertzen dituen zientziak– eta biologia molekularrak emandako datuekin.
Ikerlari guztiek onartzen dute Cro-Magnon gizakia Afrikako homo sapiens sapiensaren eboluziotik sortu zela. Eta gizaki horrek arrasto ugari utzi ditu gure inguruan, arrasto horri labar-artea –edo arte rupestrea– deitzen zaio. Garai haietako gizakiaren artean bi adierazpide daude: alde batetik, haitzuloetako pintura edota grabatuak eta bestetik, arte higigarria, hau da, estatutxoak, etab. Orduko gizakiaren arrastoak ugari dira gure inguruko haitzulotan; Lascaux, Altamira, Ekain eta Santimamiñe dira horietako batzuk, baina 150etik gora dira guztira. Haitzulo horietako hormetan mamutak, hartzak, elur-oreinak, zaldiak eta abar ageri dira pintatuta. Izan ere, Cro-Magnon gizakiaren arte horrek hartzen duen lurraldea ia bat dator euskal toponimiaren maparekin. Ikerlariak hasi dira deitzen inguru honi euskal-akitaniar ingurua.
Zientzien emaitzak eta mapak bat datoz. Adibidez, Cavalli-Sforzak, estatubatuar genetistak, esan du gizateriaren herentzia biologikoa aztertu ondoren, Cro-Magnon gizakiaren lurralde hori –arte rupestrearena– eta antzinako euskararen mapa bat datozela inguruko fluxu genetikoarekin. Hau da, hiru zientziak bat datoz mapa eratzeko orduan. Kasualitatea, agian? Batek daki!
Bestalde, badaude hizkuntzalariak mapa hori iberiar penintsula osora zabaltzen dutenak eta harrigarriagoa oraindik azken hilabeteetan argitaratu dena, Jorge Maria Ribero-Meneses-ek adierazi du euskara dela Europan dagoen hizkuntzarik zaharrena eta hizkuntza erromanikoen ama. Baina bitxikeriak bitxikeria...
Goazen beste bitxikeria bat aipatzera. Duela urte bat argitaratu da britainiarrak euskaldunen ondorengoak direla. Stephen Oppenheimer-ek, Oxford Unibertsitateko irakasleak, genetika ikerketak erabiliz, adierazi du Cro-Magnon gizakia Euskal Herrian, Kantabrian eta Akitanian bizi izan zela hemengo klima egokiagoa omen zelako, eta izoztea joan zenean inguru honetako gizakiak iparralderantz jo zuela britainiar irletaraino. Orduan, britainiarrak euskaldun jendearen ondorengoak direla baieztatzera heldu da. Bai harrigarria hau ere! Hala ere ez da gauza ziurra.
Badago zer aztertu gure inguruan, bai gero! Baina horrela jarraituz gero, gure arbasoak bizi izan ziren lurrak eraikinez beteko ditugu eta ezin izango dira ikerketak egin, zoritxarrez!Gauza txikiagoetara etorriz, eta amaitzeko, ezin dut utzi esan barik gure herriko toponimiak ere azterketa sakon bat merezi duela. Toponimo (tokien izenak) batzuek inguruarekin lotura zuzena dute, adibidez, Bizkargi, Belatxikieta, Torreburu, eta abar, beste batzuek kristautasunarekin, esate baterako, San Migel, San Bartolome, San Isidro, San Antonio, eta azkenik badaude beste toponimo batzuk esanahi ilunagoa dutenak, adibidez, Boroa, Euba, Eustoa, Erkoles, Berna, Kaitana, Amorebieta, Zornotza eta abar, baina toponimiak beste artikulu bat merezi duenez beste egun baterako utziko dugu.