lunes, 16 de mayo de 2011

Inguru zoragarriak II




SAN JOANEKO HARIZTIA

Badira Zornotzan toki zoragarriak eta horietako bat San Joan mendiko hariztia da. Urtero, San Joan bezperan, zornotzar ugari batzen da bertan ohikoa den suaren inguruan. Gazte asko elkartzen da su horren inguruan udako solstizioa ospatzeko. Baina, dirudienez, antzinatik dator leku horren magia.
Euskal herrian sineskeria eta erritu ugari izan dituzte gure arbasoek, hor daude trikuharriak, harrespilak eta abar horren adierazgarri. Gure inguruan horrelakorik aurkitu ez badute ere, egon bazeuden sineskeriak eta errituak gaixoak sendatzeko eta hildakoak lurperatzeko.
Adibidez, XX. mendean oraindik egiten zen Zornotzan “santietue”, hau da, zainen bat tiratzen zenean edo orkatila bihurtzen zenean sendatzeko egiten zen errituala. Duela hogeita hamar urte inguru ikusita daukat “santietue” egiten.
Baina bestalde sendatzeko asmoaz, amamari entzuna diot, bera gaztea zela, behin baino gehiagotan eroan zituela etxeko gaixoaren “mudak” edo barruko arropak San Joanera, haritz baten arrakalan sartzeko. Eta haur gaixoak ere sendatzeko haritz tantaien “marroetatik” edo arrakaletatik pasatzea ohitura zela zioen amamak. Harrigarria ezta!
Gaur egun, zorionez, ez dugu horrelakorik egin behar, baina inguru zoragarri horrek oraindik magia berezia duela ukaezina da eta babestu beharreko ingurua dela uste dugu askok.



lunes, 10 de mayo de 2010

LIRIKA (4)


OLERKI EGUNA LARREAN
Orain dela 50 urte, 1960 urtean, Santi Onaindiak Zornotzako lehen “olerti eguna” antolatu zuen. OLERTI aldizkaria argitaratu eta gero ohartu zen olerki saria behar zuela gure herriak eta asmo horri ekin zion.
“Lurra samur aurkitu neban eta behar erreza: nire asmoa iragarri orduko hainbat langile agertu jatazan” esan zuen Aita Onaindiak. Eta lanari ekin zioten saria antolatzeko. Horrela izan zen 60. hamarkada oparoa euskalgintzan eta Zornotzako karmeldarrak aitzindari lan horretan.
1960an antolatu zen lehen aldiz eta hogeita hamar urte jarraian egin zen “olerti eguna” Larrean. Lau sail izan ziren lehen sariketa horretan: 1. lirika saila; 2. poema bat; 3. hamar alegiko sorta; 4. bertsolariak.
Orixe izan zen irabazlea, bigarrena Eusebio Igartza eta hirugarrena Paben Loidi. Sariak banatu aurretik Aita Onaindiak meza esan zuen eta Zornotzako abesbatzak alaitu. Saria hartutakoan sarituek olerkia irakurri behar izan zuten eta bazkari ostean Bordirik, Erkiagak eta Gazteluk hitzaldia egin zuten euskal kulturaren inguruan. Egun handia izan zen urriko igande hori eta ordutik aurrera udazkenero antolatu zen, Onaindiak ahal izan zuen artean.
Santi Onaindiaren lan hori gogoratzeko, hona hemen bere olerki batzuk:

KANTUZ!
Arratsa kantuz doa,
—norentzako kantuz?—
ibai-une ixillean
zurmur gozozko uluz.

Txindorra kantuz dago,
—norentzako ete?—
zume malgu gaiñean
zanko biak tente.

Kantuz baita illargia,
—nor ete dau eder?—
zeruan goi ikusgarri,
arnas estuan ler.

Larrosa kantuz dago,
—itaun norentzako—
neure gela itzalpean
usainkor, arrosko.

kantuz daukat biotza,
—uda-lenez alai—
bion maite-astea
dau jardunaren gai.

sábado, 21 de noviembre de 2009

EUSKARA (4)


ZORITXARRA USTEKABEAN

Juanjo Zearreta hil da! — Zelan?... Halakorik! Autzaganeko bide labankor horretan gertatu behar! Makina bat auto-istripu izaten da bide horretan! Zerbait egin behar da! Eskapada gehiegi izaten dira hor! Sarriegi esaten dira horrelakoak, sarriegi. Bide deabrua! Eta kamioia etorri behar goitik behera!

Zoritxarra ustekabean heldu zitzaion Juanjori Autzaganen, egun beltz eta euritsu batean. Bermeotik zetozela, gure arrantzaleak askatzeko antolatu zen manifestazioan egon ondoren, auto-istripua izan zuten. Istripua ikusi genuenok bagenekien larria zela, oso larria. Zoritxarra, benetako zoritxarra izan zutela esango nuke. Eta ez da lehen aldia familia horretan.

Une latz hauetan, hasierako harridura, sinestu ezina eta haserrea gainditu ostean, Juanjo Zearretaren inguruko xehetasun batzuk adierazteko unea heldu dela uste dut. Euskaltzalea, hur-hurrekoa, bihotz onekoa eta itzal handia utzi duen gizona da Juanjo. Ezagutu dugunok badakigu hutsune handia utzi duela gure inguruan. Hutsunea igarriko dute Andrandi auzoan zapatuetako afari lagunek, Nikolasek eta konpainiak. Hutsunea sumatuko dute Laidako Kanping-ekoek ere, Eduardo Mezok eta lagunek. Hutsune handia izango dute Euskaltzaindiko kideek ere, Lizundiak eta gainerakoek. Baita familiako Mª Asunek eta lagunek ere. Eta zelan ez, hutsunerik handiena etxe-etxekoek igarriko dute: Eufemik, Ekaitzek, Txaberrek, eta baita Bingenek eta Mikelek ere. Hutsune handiegia utzi du Juanjok.

Euskaltzaindiko kudeatzailea eta euskaltzain urgazlea izan da Zearreta, baina ibilbide luzeagoa eta oparoagoa izan du euskararen inguruan. 60ko hamarkadaren amaieran hasi zen euskalduntze eta alfabetatze kanpainetan parte hartzen. Gero 1970ean Lehen Urratsak liburuaren prestaketan jardun zuen. Beranduago, 1975-76an, herrialde guztietako batzordeak batu eta Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundea (AEK) sortu zenean, bera izan zen sortzaileetariko bat. Hainbat lan argitaratu zituen elkarlanean: Euskalduntzen (1972), Alfabetatzen (1975), Euskara: Hizkuntza ariketak (1976), Euskal Hiztegi Modernoa (1977), Sortzen I (1978), Hiztegia 80 (1980). Zein irakaslek ez ditu ezagutzen liburu eta hiztegi horiek? Garai batean ezinbestekoak izan ziren irakaskuntzan.

1973an hasi zen lanean Euskaltzaindian eta lankideek ondotxo ezagutu dute. Andres Urrutia Euskaltzainburuak hauxe esan zuen Juanjori buruz: “Lanerako beti prest eta gogotsu, erakundearekiko leiala, ordu asko eman ditu Juanjok Euskaltzaindiaren zereginetan. Beti erne, beti adi, azken ukitu arte, Euskaltzaindiak antolaturiko ekitaldietan dena erraz eta gozo joan dadin. Euskaltzaindiaren kudeatzailea eta sustatzaile nekaezina izan da”.

Alderdi pertsonalean, benetan ezagutu duenak badakizki Juanjo Zearretaren zaletasunak: familia eta lagunak, Laida eta Athletic taldea. Horregaitio izan zen urteetan San Mameseko esataria. Gogoan dut oraindik haren ahotsa jokalarien izenak irakurtzen edota aldaketak adierazten zituenean. Baina ezezaguna den zaletasun bat ere bazuen: Iratiko inguruak. Aste Santuko txangoa izugarri gustatzen zitzaion Nafarroan barrena.

Itzal handiko gizona izan da Juanjo Zearreta. Berari esker eta bera bezalako euskaltzaleei esker gaude gu hemen euskara irakasle eta euskal kulturaren sustatzaile. Zure eta zulakoen lanari esker egin dugu aurrera. Eskerrik asko Juanjo, bihotz-bihotzez. Eta egun handirarte.

martes, 13 de octubre de 2009

EUSKARA (3)



EUSKARAREN JATORRIA:

AZKEN BERRIAK



Aurreko batean euskararen jatorriaren teoriei buruz idatzi nuen, eta beste behin euskararen mugei buruz. Baina azken urteetan Europako hainbat herrialdetako linguistak eta genetistak ikerketa interesgarriak argitaratzen ari dira guri buruz eta oihartzun txikia izan dutela uste dut. Nire asmoa ikerketa horien berri ematea da, modu xume eta erraz batean.

Europan hautsak harrotzen ari dira ikerketa horiek direla eta. Orain arte Europako gizakia eta hizkuntzak indoeuroparraren ondorengoak direla esan dute, baina azken ikerketen ondorioz zalantzan jartzen ari dira. Oxford Unibertsitateko Stephen Oppenheimer-ek idatzi zuen britainiarren jatorri genetikoa Kantauri itsasoaren isurialdean dagoela. Britainiarrak euskaldunen ondorengoak direla esatera heldu da. Ondorio horretara heltzeko ikerketa genetikoak erabili zituen eta gaur egun ziurtzat hartzen den datu bat ere: glaziazioko aztarnak. Duela 20 mila urte glaziazio aroan Europa izoztuta zegoenean Kantauri itsasoaren kostaldeko klima leunagoa zenez giza talde ugarik babesa aurkitu zuen bertan eta gero, berriz ere, Europan zehar sakabanatu ziren. Horren froga dira kobazuloetako aztarnak. UNESCOk berak ere gizateriaren ondare izendatu behar izan du hainbat kobazulo. Datu gehiago jakin nahi izanez gero Oppenheimerren “The origins of the british” liburuan daude.



Alemaniako ikerlariak ere ildo beretik doaz, “Spektrum der Wissenschaft” aldizkari zientifikoan – “Scientific American” aldizkariaren edizio alemaniarrean – argitaratu zituzten ikerketa interesgarriak Theo Vennemann linguistak eta Peter Forster genetistak. Venneman Munich-eko Ludwig-Maximilian Unibertsitateko linguistika irakaslea da eta urteetako lanaren berri eman digu. Glaziazioa amaitu zenean Kantauri itsasoaren kostaldeko giza taldeak Europan zehar sakabanatu ziren hizkuntza eta ADNa zabalduz. Giza talde horiek euren hizkuntzarekin –protoeuskara­rekin – ingurua ezagutu ahala izenak jartzen hasi ziren. Gaur egungo ibai, ibar, ur, aran ... euskal hitzen parekoak aurkitu ditu Vennemann hizkuntzalariak Europako ibai, mendi eta ibarretan. Berrehun baino gehiago izan dira guztira: Ebersberg, Ebrach, Eber, Aranbach, Ebreon, Ivry, Eberbäche, Urofia, Huriel, Ourte, Urwis, Ura, Aurach, Auerbach, Urula, Ibar, Ybbs ... Ikerlariek uste dute orduko lehen giza taldeek izen bereziak jartzen hasi baino lehengo izen arruntak erabili zituztela tokiak izendatzeko.
Baina hizkuntzalari alemaniarraren teoriari bultzada handia eman dio Peter Forster genetika ikerlariak. Euskaldunen eta europar gizakiaren ADN mitokondriala aztertu ondoren ikerlari hori ondorio batera heldu da: Europako biztanleen hiru laurdenek ama-arbaso euskalduna izan zutela. Azpigene mitokondrialak igualak dira Europako gehiengoaren eta euskaldunen artean. ADN mitokondriala amagandik baino ez da transmititzen eta antzekotasun horrek ama-arbaso batengana garamatza.
Ziur gaude laster izango dugula informazio zehatzagoa eta genetikak aurrera egiten duen heinean mito, uste eta teoriak bertan behera geratuko direla. Genetikari esker aurrerapauso ikaragarriak espero dira etorkizunean eta giza taldeen migrazioak ez ezik jatorria ere aztertzeko balioko digu.
Eta amaitu baino lehen, kontu xumeago bat adierazi behar dizuet. Aurten oporretan Avilako Gredos aldean egon naiz eta bertako toponimiak jakin-nahia piztu dit. Euskal senak esan dit bertako toponimo askok euskal kutsua dutela: Mingorria (bertako lurra gorri-gorria da), La Naba (mendiko lautadan); Aravalle (arana); Narros (antzinako nabarros); Muñana, Muñogalindo, Gorria, Mingubela, Mirueña, Zorita eta abar luzea. Norbaitek esan lezake Errekonkista garaiko euskaldunen aztarna dela, arabiarren kontra joandako euskaldunen aztarna hain zuzen, baina ni urrunago joango nintzateke, Alemanian edo Akitanian, Lleidan, Sorian, Burgosen, Errioxan eta Huescan euskal toponimoak badaude zergatik ez hegoalderago? Asko dago oraindik ikertzeko, bai gero!

lunes, 1 de junio de 2009

MEMORIA HISTORIKOA (2)

ERBESTEKO ZORNOTZARRAK
Gerra zibilaren ondorioz euskaldun askok egin zuen ihes Ameriketara. Horietako batzuk euskal kulturaren aitzindariak ziren, abeslariak, kazetariak, idazleak, irakasleak eta abar. Oraingoan zornotzar bi aipatu nahi ditut: Kepa Derteano Basterra eta batez ere, Pedro Ormaetxe Aldana “Aita Lontzi”. Aurten beteko direlako 60 urte hil zela, Txilen.

Kepa Derteano Zornotzan jaio zen 1923an eta erbesteko euskal idazleen adierazle nagusia da gaur egun Venezuelan. En el surco de la tierra liburuan erakutsi digu bere sortze lanaren sakontasuna narrazio laburrak erabiliz. Eta baditu beste liburu batzuk ere, autobiografikoa da bata, Quiero acabar con la guerra de mi padre liburua. Hor adierazten du Zornotzan umetan bizi izandakoa eta baita erbestean bizi izandakoa ere. Hortxe parean dago Huellas liburu ezaguna ere eta beste hainbat lan.
Garai batean, Peru de Arteaga ezizena ere erabili zuen Kepak liburuak eta komunikabideetako lanak sinatzeko.
Eta idazle lanaz gain, luzaro Euskal Etxeko presidente lana hartu zuen erbesteko euskaldunei laguntza emateko. Askoren ustez, Ameriketan euskal kulturari guztia eman dion euskaltzalea da.
Hemendik lagundu nahirik, Saturraran Argitaletxea sortu zen erbestean egindako lanak argitaratzeko eta euskal diasporako idazleei babesa emateko. Dena dela, aipamen berezia merezi duen idazlea da Kepa Derteano, inongo zalantzarik gabe. Itzala utzi duen zornotzarra.



Era berean, Pedro Ormaetxek, “Aita Lontzik”, prentsa artikuluez gain “Ipuintxuak” eta “Bigarren ipuintxuak” olerki-liburuak argitaratu zituen Txilen. Boroan jaio bazen ere Txileko Viñas del Mar herrian hil zen 1949an. Horregatik aurten, hil zela, 60. urteurrena beteko da. Euskaltzalea, luma fineko idazlea eta olerkaria handia.
P. Ormaetxe karmeldarrak hainbat ezizen erabili zituen lan ugari sinatzeko: “Lontzi Aba”, “Ormalda”, “Ormetxe” eta abar.


Baina bekokia ilundu barik, aipagarria da gure herriko Udal Liburutegikoa, bi idazle horien obra bakar bat ere ez izatea gero! Harrigarria! Kulturan hainbeste diru gastatzen den herri batean.

Eta amaitzeko, euskal erbesteratu guztien omenez, hona hemen Aita Lontziren olerki batzuk:

HERRIRA BEGIRA
Hor-hemendik ludiak (munduak)
begien aurrera
ikustekoak dakarz
noizean noizera,
baina bihotz-begiak
daukodaz begira
barruan daroadan
euskaldun herrira.
................
Erbestean bizitza
igaro beharra
edozeinentzat bada
neketsu gogorra,
maitatzen dauanarentzat
euskaldunen lurra
beste guzti-guztia
da neke eta lorra.
................
Soina geratu barik
dabil horra-hara
geldi egon ezin dan
gaixodun-antzera,
baina bihotz, gogo, nahi
eta ametsa berbera
Txilen baino gehiago
sorterrian dira.

ZIGOR BAT
Hogei urte zigortzat
ezarri ondoren
esatekorik eukan
auzian inotson
...................
Esan gura neuskio,
esan, sendiari,
ezdagidala jateko
itxaron gaur niri.
..................
Eskerrak dagitsudaz,
bihotzez epaile,
damostazuzalako
oraindik urte.
.................
Hemen dinotsudazan
hitzok batek argi,
esan ebazan Bilbon
orain aldi gitxi.

miércoles, 15 de abril de 2009

BALENTIN BERRIOTXOA AKADEMIA




1952. urtean Maria Angeles Larreak Balentin Berriotxoa akademia zabaldu zuen Zornotzan, Urtzelairen txaletean. Hainbat eta hainbat zornotzar izan ziren ­bertan erdi mailako ikasketak egiten. Hor egon ziren batxilerra ikasten Jon Idigoras (politikoa), Lopez Arriortua (ingeniaria) ... eta abar eta abar.

Martxoaren 8a da Nazioarteko Emakumeen eguna, hori dela eta aportazio txiki bat egin nahi izan dut. Gure herrian batxilerrean egondako emakumezko irakasle batzuk aipatu nahi ditut gaurko idazkian. Garai horretan Zornotzan ez ziren asko izan batxilerreko andereñoak, orduan ez zen ohikoa emakumeek ikasketak izatea, baina andereño batzuek bidea egin zuten maisu artean.

Maria Angeles Larrea da horietako bat, Valladoliden goi mailako ikasketak egin eta doktoregoa Madrilen amaitu ondoren Zornotzan eskola irekitzea erabaki zuen. Neska gaztea zela, Maria Angeles bere aita zornotzarrarekin, Gabinorekin, gure herrian zegoela Yarza alkatearekin egin zuten topo eta Gabinok harro bere alaba lizentziatu berria aurkeztu zuen. Maria Angelesen ametsa Zornotzan ikastetxe bat irekitzea zenez, alkateari adierazi zion bere asmoa eta Valladolideko Unibertsitateko baimena lortu ondoren eskola ireki zuen Larreak. Gure inguruan ez zegoen erdi mailako ikasketak -batxilerra- emateko baimena zuen ikastetxerik, ez Gernikan, ez Durangon. Bilbon bakarrik egiten ziren ikasketa horiek. Beraz, lortu zuena oso garrantzitsua izan zen gure herriarentzat.

M.A. Larrea zuzendari zela, herriko ikasleez gain inguruko herrietako ikasleak ere izan ziren Balentin Berriotxoa ikastetxe sortu berrian. Gelan den-denak ziren mutilak eskola mistoak orduan debekatuta zeudelako. Hala ere, ukaezina da zein garrantzitsua izan zen ikastetxe hori gazte askorentzat, horri esker askok goi mailako ikasketak egiteko aukera izan baitzuten.

Handik urte gutxira Andres Mañarikuak Maria Angeles Larreari deitu eta Deustuko Unibertsitatean eskolak emateko proposamena egin zion. Larreak eskaintza onartu eta Zornotzako eskola utzi egin zuen. Horrelaxe izan zen Deustuko Unibertsitatean emakumezko lehen irakaslea. Meritua handia benetan!

Baina goazen berriro ere harira. Larreak Balentin Berriotxoa utzi eta gero, Don Juan Goikolea abadearen eskutik, Leclerc frantsesa heldu zen Zornotzara Aragoitik. Munduko Gerra amaitu eta Frantziatik ihes egindako gaztea zen hori. Hitlerren jarraitzaile sutsua ei zen eta horregatik ihes egin zuen Frantziatik Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean. Eta badirudi Jacques Leclerc jeneralaren loba ere zela gazte frantsesa. Jeneral horrek Paris askatu zuen nazien atzaparretatik. Familia batekoak izanda bi bandotan egon behar!

Izan ere, urte ilunak izan ziren Balentin Berriotxoan Leclerc zuzendaria izan zen bitartean. Zorrak, salaketak, emaitza eskasak ... izan ziren nagusi. Azkenean Leclerc bota egin behar izan zuten bide okerra hartua zuelako ikastetxeak.

Eta zorionez, 60. hamarkadan gauzak hobetu egin ziren Don Pedro abadeak zuzendaritza hartu zuenean eta aurrera egin zuten Zornotzako beste irakasle batzuekin batera, Etxebarriarekin, Adolforekin ... eta emakumezko beste irakasle batekin: Pepita Aldekoarekin. Zein garrantzitsuak izan ziren irakasle zornotzarrak!

Honekin amaitzeko, artikulu hau batxilergoko andereñoei buruz denez, ezin ditut utzi aipatu gabe Karmelo ikastetxeko Marivi eta Urritxe institutuko Maite Crespo, Itziar Abasolo... Nik uste dut aipamen berezia merezi dutela izendatutako guztiek Zornotzako batxilergoan lehen andereñoak izan direlako, nahiz eta batzuk oraintsu arte irakaskuntzan egon. Eskerrik asko guztiei!

martes, 30 de septiembre de 2008

LIRIKA 3


PEDRO ORMAETXE, “AITA LONTZI”

Pedro Ormaetxe Aldana, ”Aita Lontzi”: zornotzar gehienentzat ezezaguna den izena. Etxanon jaio 1891n eta Txilen hil zen 1949an. Idazle karmeldar oparoa izan zen eta zenbait aldizkaritan idatzi zuen: “Jaungoiko Zalen”, “Karmelgo Argian”, “Ekinen”, “Euzko Deyan” eta abarretan. Baina gaurkoan Aita Lontziren bi liburu aipatu nahi ditut: “Ipuintxuak” eta “Bigarren ipuintxuak”. Olerki-liburuak dira biak eta Txilen erbesteraturik zegoela argitaratu zituen. Ikertu beharreko idazlea da, baina orain arte herriak bizkarra eman diola uste dut.

Gerra zibilaren ostean Zornotzan egon bada familia bat gogor zapaldua, hori Boroako Ormaetxetarra izan da, inongo zalantza barik. Tropa frankistek Zornotza hartu zutenean Aita Lontzik Txilera egin zuen ihes, Bonifacio anaia fusilatu egin zuten faxistek eta arrebak kartzelaratu. Bakar-bakarrik euskaltzaleak eta abertzaleak izateagatik. Sinestezina!
Aita Lontzi karmeldarra izan zen. Erraztasun handia erakutsi zuen idazteko baina ezagutu zutenek esaten dute karmeldarraren doarik handiena “erretorika” izan zela.
Hala ere, pare bat zehaztasun egin behar diot Aita Lontziren biografian idatzitakoari.
Alde batetik, Aita Lontziren biografian irakur daiteke Txilera misiolari joan zela, baina ez du esaten ihes egin behar izan zuela faxisten beldur zelako. Jakin dakigu Euskal Herritik gogoz kontra joan zela eta bai bere gutunetan eta bai bere idazkietan irakur daiteke erbestean bizi beharrak edozeinentzat neketsu eta gogorra bada, euskaldunen lurra maite duenarentzat askoz ere latzagoa dela.
Eta bestalde, abizena ere aldatu diote. Aita Lontziren biografian Pedro Ormaetxea abizena erabiltzen du Aita Santi Onaindiak. Hala ere, Pedro Ormaetxek —hauxe da bere abizena— ­ zenbait ezizen erabili zituen artikuluetan, adibidez, “Lontzi Aba”, “Ormalda”, “Ormetxe” , “Ormaetxetar Kepa” eta abar.
Karmeldar idazlea Boroako Zugaza baserrian jaio bazen ere Iruñean, Gasteizen eta Begoñan ikasketak egin ostean Larrako komentura etorri zen bizitzera, beste zenbait tokitan egon ostean.Gerra ondoren Txilera joan zen, Viña del Mar herrira. Eta bertako komentuan hil zen 1949ko urtarrilaren 15ean. Beraz datorren urteko urtarrilean 60 urte beteko dira hil zela. Zor zaharra, zor txarra!
Goazen liburuetara. “Ipuintxuak” eta “Bigarren ipuintxuak” olerki-liburuak dira, nahiz eta izenburu horiekin ipuin-liburuen itxura izan olerki-liburu interesgarriak direla esan beharra dago. Liburu bakoitzean ehun olerki-sorta zoragarri argitara eman ditu idazleak, zenbait argibiderekin batera. Lehenengo orrialdeetan Aita Lontzik hiztegitxo bat egin du irakurleak hobeto uler dezan eta gero “Baimenak” izeneko atalarekin jarraitu du. Atal horretan zenbait apaizen oniritzia edo baimena ematen da argitaratu ahal izateko. Eta azkenik, ehun orrialdetan beste hainbeste olerki zoragarri neurri txikian eta handian. Errima aberatsez osatuta daude guzti-guztiak eta uste dut ikerketa sakonago bat merezi duela Ormaetxe idazleak. Zoritxarrez gure herriak ez du aintzat hartu herriko semea. Pena handiz esaten dut hau baina egia da.
Ulertezina da nik esku artean ditudan bi liburu hauek, “Ipuintxuak” eta “Bigarren ipuintxuak” ez egotea Amorebieta-Etxanoko liburutegian. Harrigarria! Eta ziur nago hor egongo balira azterketa sakonago bat egiteko aukera izango luketela herriko aztertzaileek. Horretaz seguru nago.

miércoles, 14 de mayo de 2008

NARRATIBA 1


ZORNOTZAKO IDAZKIAK

Gaur egungo euskara ikertzeko testu idatziak ahozkoak bezain garrantzitsuak dira; baina XIX. mendeko euskara aztertu nahi dugunean testu idatzietara jo beharra dago, nahitaez. Ugari dira gure artean XIX. mendeko testu idatziak, batez ere testu erlijiosoak; hala ere, interes literario eskasekoak izan arren garai hartako euskara eta bertakoen ikuspegia aztertzeko oso interesgarriak dira.

Zornotzan aurkitutako testu idatziei buruz idaztea erabaki dut; gaurkoan, XIX. mendean idatzi zenari buruzkoa izango da. Halaber, ezin dugu ahaztu mendea gatazkarekin hasi zela: frantsesen kontrako gerrarekin. Napoleonek Euskal Herria erraz bereganatu zuen, hasieran; baina gero herriak gogor egin ondoren hemendik kanpora bota zituzten. Gero etorri ziren gerrate karlistak: lehena (1833-1839) eta bigarrena (1872-1876). Hala ere mendeak eman zituen idazleak eta kultura eragileak ugari izan ziren, batez ere mezenasak; baina hori beste egun baterako utziko dut.

Orain goazen harira. Duela hogeita hamar urte inguru Epaltzako Torre baserrian eskuz idatzitako liburuxka bat agertu zen. Anselmo Gortazarrek izenpetzen duen liburuxkak 234 orrialde ditu eta 1864. urtean dago sinatuta. Idazkiak ez du inolako asmo literariorik baina garai horretako Biblia kontalarien ezaugarri guztiak betetzen ditu.

Orduko idazle gehienak elizgizonak ziren eta alegilariak ez ezik Biblia kontalariak ere ziren, hau da, predikariak eta moral zuzentzaileak. Eta pulpitutik adierazteko eginak zeuden lan gehienak; horregatik, bi ezaugarri garrantzitsu zituzten idazki horiek: euskara erraza eta ulergarria zela.

Hala ere, Anselmo Gortazarrek ez du Biblia hitzez hitz azaltzen, ez du Biblia itzultzen, autore bakoitzak bere erara garatzen du Bibliako pasarte esanguratsu bat. Sermoietan trebatutako apaizek idatzi dituzte lan horiek eta irakurtzeko zein entzuteko eginak daude. Entzuleen arreta erakartzeko baliabidez beteta dauden lanak dira. Alde batetik, ez dago esaldi luze eta korapilatsurik, batik bat entzuteko direlako; bestalde, entzulearen arreta ez galtzeko etenak eta entonazio-aldaketak ugariak dira; eta azkenik, entzuleak gogoratzeko ideia nagusiak nabarmendu egiten dira, errepikatuz eta laburtuz. Beraz, mitinetan egiten den moduan.

Euskal literaturan oro har, baina bereziki XIX. mendeko literaturan, eduki eta helburu erlijiosoko lanak garrantzi handikoak dira. Horregatik, garai hartako euskara eta gertakizunak ikertu nahi badira bildu beharko ditugu lan horiek, galdu baino lehen.

Beraz, beharrezkoa izango litzateke Zornotzako dokumentu idatziak, hau da, gutunak, bertsopaperak, sermoiak... biltzea eta digitalizatu ondoren jabeei itzultzea. Horrela idazkien fondo publikoa edukiko genuke ikerketarako interesgarria bezain beharrezkoa.

jueves, 27 de marzo de 2008

KIROLA (1)


ZORNOTZAKO BOLA-JOKOAK


Gure herrian, nahiz eta hainbat bolatoki egon, bola-jokoa ez da batere ezaguna kaletarren artean, beharbada inguruko auzoetan daudelako bolatokiak. Eta noiz errotu zen kirol hau gure herrian? Ziur ez dakigu, baina antzinako kontua dela ezin da ukatu. Denetariko iritziak bildu ditut honen inguruan: batzuk harrigarriak eta beste batzuk posibleak. Baina, egia esan ez dago ezer zehatzik. Ibilbide historikoa egiten saiatuko naiz, ea zerbait argitzen dugun.

Gaur egun, bola-jokoa ia ezezaguna izan arren zornotzar askorentzat, duela mende bat, pilota baino zabalduagoa eta arrakastatsuagoa zen; eta ez zegoen jai ospakizunik bola-txapelketa barik. Antzina, meza entzun ondoren bolatokien inguruan batzen ziren gazteak, horixe zelako jarduera ludikorik zabalduena Bizkaian.
Aurreko mendean, Bizkaian 400 bolatokitik gora zeuden, gaur egun ordea, ez daude 100 bolatoki, eta horietatik 10 Zornotzan; beraz, ezin dugu ahaztu desagertzear dagoen kirol honek ikerketa sakonagoa merezi duela gure ondare historikoa delako. Goazen bada, bolen inguruko historia xumea egitera.
Batzuek esaten dute Grekoen garaiko kirola dela, Odisea obran Homerok idazten duelako nola jokatzen duten boletara Peneloperen maitaleek. Beste batzuek esaten dute Erromatarren garaikoa dela eta armada erromatarrak zabaldu zuela bola-jokoa Europan zehar. Eta azkenik, Telesforo Aranzadi eta euskal aditu batzuk daude zelten garaiko kirola dela esaten dutenak. Hiru teoria hauek dokumentatu gabeko hipotesiak direla esango nuke, baina badago laugarren bat, bola-jokoa Europan sortu zela dioena; Alemanian, VI. mendean hain zuzen. Alemaniako adituek diote bertako monasterioetako bakardadean monjeek jokatzen zutela boletara, eta handik inguruko herrialdeetara zabaldu zela; eta gero, Santiagoko bidea dela eta, erromesek hona ekarri zutela bola-jokoa.
Eta zergatik du pisu gehiago laugarren hipotesiak besteek baino? Dokumentu idatzietara jotzen badugu ez dagoelako ia ezer erromatarren, edo grekoen, edo zelten garaiko jokoa dela adierazten duenik. Adibidez, XIII. mendean Alfontso X.a Jakitunaren garaian Jolasen liburuan, ez da aipatu ere egiten bola-jokoa. Beraz askoren iritziz, Europan bola-jokoa oso zabaldua zegoen arren, gure artean oraindik ez; eta mende batzuk beranduago, Santiagoko bidea egiten ari ziren erromesek ekarriko zuten iparraldetik hona. Gero, XVII-XVIII. mendeetako dokumentuek adierazten dute kirol hau gure artean oso zabaldua egon zela. Jakina, denborarekin arauak eta modalitateak aldatuz joan dira; Bizkaiko modalitatea ez da Arabakoa, ez Gipuzkoakoa, ez Kantabriako modalitatearen modukoa, ezta Bearnoko modalitatea ere.
Euskal Herritik kanpo, gugandik hurbil, bola-jokoa oso hedatuta dago. Alde batetik, Kantabrian uste dute euskaldunok euskal pilota daukagun moduan, eurak bola-jokoa dutela. Eta bestalde, Bearnoko bizilagunek ere uste dute bola-jokoa bertan sortutako kirola dela. Baina egia esan, gaur egun, Frantziako hegomendebaldean oso zabaldua dago bola-jokoa eta badirudi, Bearnotarrek zabaldutako kirola dela.
Bukatzeko, hedapenaren inguruan esan beharra dago bola-jokoa Garona ibaiaren eta Ebro ibaiaren artean kokatzen dela, bereziki. Baskoniako eta Gaskoniako lurraldeetan oso zabaldua garai batean. Erromanizazioa baino lehen, harreman handiko bi lurralde ziren eta etorkizunean, uste dugu sorpresa handiak egongo direla.

EUSKARA (2)


EUSKARAREN MUGAK


Euskararen jatorriari buruz idatzi nuen aurreko batean, lau teoria aipatu nituen, baina gaurkoan, euskararen mugetatik ibilbide historikoa egiten ahaleginduko naiz. Badakit lan zaila dela baina alde batetik, toponimian eta euskaldunei buruz idatzitako testuetan oinarrituz, eta bestetik, paleolinguistikak eta paleoantropologiak markatutako bidea urratuz ahaleginduko naiz bidea egiten. Mitxelena, Caro Baroja eta beste hizkuntzalari askok urratutako bidea egingo dugu. Populazioaren genetikak edo biologia molekularrak ere lagunduko digu ibilbide honetan.

Erromatarrak etorri baino lehen, euskararen mapa oraingoa baino askoz
zabalagoa zela uste dugu. Epigrafiak eta toponimiak –tokien izenak– lagundu digute mugak zehazten eta zientzialari askoren ustez, euskara, Pirinioetako errealitatea izan da. Beraz, lasai asko esan daiteke euskararen eta euskal etniaren bizkarrezurra Pirinioak izan direla, duela 2.500 urtetik Erdi Arora. Eta lehenago zer?
Paleolinguistikak emandako datuak, hau da, linguistek emaniko datuak bat datoz paleoantropologiak –giza aztarnak eta fosilak ikertzen dituen zientziak– eta biologia molekularrak emandako datuekin.
Ikerlari guztiek onartzen dute Cro-Magnon gizakia Afrikako homo sapiens sapiensaren eboluziotik sortu zela. Eta gizaki horrek arrasto ugari utzi ditu gure inguruan, arrasto horri labar-artea –edo arte rupestrea– deitzen zaio. Garai haietako gizakiaren artean bi adierazpide daude: alde batetik, haitzuloetako pintura edota grabatuak eta bestetik, arte higigarria, hau da, estatutxoak, etab. Orduko gizakiaren arrastoak ugari dira gure inguruko haitzulotan; Lascaux, Altamira, Ekain eta Santimamiñe dira horietako batzuk, baina 150etik gora dira guztira. Haitzulo horietako hormetan mamutak, hartzak, elur-oreinak, zaldiak eta abar ageri dira pintatuta. Izan ere, Cro-Magnon gizakiaren arte horrek hartzen duen lurraldea ia bat dator euskal toponimiaren maparekin. Ikerlariak hasi dira deitzen inguru honi euskal-akitaniar ingurua.
Zientzien emaitzak eta mapak bat datoz. Adibidez, Cavalli-Sforzak, estatubatuar genetistak, esan du gizateriaren herentzia biologikoa aztertu ondoren, Cro-Magnon gizakiaren lurralde hori –arte rupestrearena– eta antzinako euskararen mapa bat datozela inguruko fluxu genetikoarekin. Hau da, hiru zientziak bat datoz mapa eratzeko orduan. Kasualitatea, agian? Batek daki!
Bestalde, badaude hizkuntzalariak mapa hori iberiar penintsula osora zabaltzen dutenak eta harrigarriagoa oraindik azken hilabeteetan argitaratu dena, Jorge Maria Ribero-Meneses-ek adierazi du euskara dela Europan dagoen hizkuntzarik zaharrena eta hizkuntza erromanikoen ama. Baina bitxikeriak bitxikeria...
Goazen beste bitxikeria bat aipatzera. Duela urte bat argitaratu da britainiarrak euskaldunen ondorengoak direla. Stephen Oppenheimer-ek, Oxford Unibertsitateko irakasleak, genetika ikerketak erabiliz, adierazi du Cro-Magnon gizakia Euskal Herrian, Kantabrian eta Akitanian bizi izan zela hemengo klima egokiagoa omen zelako, eta izoztea joan zenean inguru honetako gizakiak iparralderantz jo zuela britainiar irletaraino. Orduan, britainiarrak euskaldun jendearen ondorengoak direla baieztatzera heldu da. Bai harrigarria hau ere! Hala ere ez da gauza ziurra.
Badago zer aztertu gure inguruan, bai gero! Baina horrela jarraituz gero, gure arbasoak bizi izan ziren lurrak eraikinez beteko ditugu eta ezin izango dira ikerketak egin, zoritxarrez!Gauza txikiagoetara etorriz, eta amaitzeko, ezin dut utzi esan barik gure herriko toponimiak ere azterketa sakon bat merezi duela. Toponimo (tokien izenak) batzuek inguruarekin lotura zuzena dute, adibidez, Bizkargi, Belatxikieta, Torreburu, eta abar, beste batzuek kristautasunarekin, esate baterako, San Migel, San Bartolome, San Isidro, San Antonio, eta azkenik badaude beste toponimo batzuk esanahi ilunagoa dutenak, adibidez, Boroa, Euba, Eustoa, Erkoles, Berna, Kaitana, Amorebieta, Zornotza eta abar, baina toponimiak beste artikulu bat merezi duenez beste egun baterako utziko dugu.

jueves, 3 de enero de 2008

KAZETARITZA (1)


BI ASTEKARI GURE ARTEAN

Aurreko batean idatzi nuen XIX. mendeko bertsopaperak informazio iturri zirela, beraz esan daiteke, inongo zalantzarik gabe, kazetaritza modernoaren aitzindari zirela. Bertsopaperak idazten zituzten, besteak beste, berriak emateko, kritikak edo salaketak egiteko, baita garaiko iritzi publikoan eragina izateko ere. Baina oraingoan XX. mende hasieran sortutako astekari biri buruz hitz egitera natorkizue, biak Zornotzan sortuak: JAUNGOIKO ZALE (1912) eta EKIN (1932).

Aldizkari erlijioso-politikoak ziren biak. Baina Errepublikarekin batera, politika polarizatu egin zenez, gauza bitxia gertatu zen Zornotzan, JAUNGOIKO ZALE zena EKIN izatera pasatu zen eta orduan, aldizkarikoek ezkertiarren kontra eta jeltzaleen alde jarri ziren. Badakigu elizako kideek jazarpena sufritzen ari zirela baina egoerak ez zuen lagundu eta tamalez gerran amaitu zen. Alde biak, ezkerra eta eskuina, muturka ibili ondoren, gerra zibilean batera aritu ziren. Harritzekoa ezta! Hau guztia Javier Diaz Nocik, EHUko irakasleak, ondo aztertu du bere tesian: Euskarazko kazetaritza XX. mendearen hastapenetan.
Baina harira joanda, bi astekari barik, astekari bat dela esatea zuzenago dago. Bestalde, ezin da ahaztu Ekin astekaria sei hilabetez itxi zutela, 1934-1935 urteen bitartean.
Baina joan gaitezen zehatz-mehatz aztertzera. Eliza ohartu zenean pulpitutik azaldutakoa ez zela nahikoa orduko gizartearengana heltzeko kazetaritzara jo zuen. Eta horregatik, 1912ko irailean, Zornotzan, elizgizonek JAUNGOIKO ZALE astekaria argitaratu zuten. Lehen zenbakian argi eta garbi esan zuten nortzuk ziren, zergatik eta zertarako egin zuten astekaria. Honela dio: “Bazkuna ori egin dogu Bizkaiko jauparijak (abadiak) …eta Gotzale (obispo) jaunak eta guztijen buru dan Aita Santuak esaten dauskubelako izparrangijak indar andija daukela gixonen ekanduak edatuteko, eta, origaitik Jauparijak (abadiak) izparringijakaz be lan egin biar dogula.…Kristau irakaskintzak zabalduteko al dogun geyen eta egokiro euzkeldunen artian… eta ipini irakastolak, egunero, euretan irakaskintza orrek irakatsi daitezen euzkeraz txaunburua (Parrokua) artezkeri dala”.
Beraz, argi dago nortzuk ziren eta zein zen horien asmoa. Baina, bazegoen beste mugimendu bat, –hain ikasia eta jantzia ez zena– elizgizonen ustez, baina askoz ere abangoardistagoak eta modernoagoak. Talde hori, nagusiki hirietan eta herri handietan mugitzen bazen ere herri txikietara ere heldu ziren, irakasleak, idazleak, pintoreak eta abar ziren.
Pertsona horiek ideia aurrerakoiagoak zituzten eta eliza zutik jarri zen ideia horien aurrean. Baina, langileriak ideia horiek bereganatu zituenean, taldea handitu egin zen eta honela idazten zuten orduan EKINen. “Komunistak, badatoz , badatoz … gero eta indar geyago artzen doyaz; . …Sosolistoak…; Ikastolea eleiza ezpada, saizulo, edo leize zulo izango da…” eta abar.
Astekari horretan, gai erlijioso-politikoez gain bazeuden beste atal batzuk, adibidez, Bizkaiko, Euskal Herriko eta munduko beste berri batzuk, merkatuko prezioak, kirolak, bertsoak, lurgintza-gaiak izeneko atala, hau da, baserritarrei laguntzeko pentsatua eta abar. Astero izan arren, informazio zabala jorratzen zuten euskara hutsean. Gerrarekin itxi zen eta geroago sortu ziren Olerti aldizkaria eta Karmel aldizkaria, azken honek aurten 255. zenbakia kaleratu du aurtengo udazkenean. Zorionak Karmel aldizkaria egiten duzuen guztioi!
Ikus daitekeenez, Zornotzak badu bere tokitxoa, mende hasierako euskarazko kazetaritzan. Beste egun batean, gerra ondorengo aldizkariak aipatzea gustatuko litzaidake, eta herriari honen berri eman.
Eta orain, zer gertatzen da Zornotzan? Zergatik ez dago euskarazko herri aldizkaririk? Orain arte aipatutako aldizkariak apaizek egindakoak dira, non daude apaiz ez direnak?

ARKITEKTURA



ARKITEKTURA (1)

BURDINOLAK EZ DIRA AINTZAT HARTZEN


Erdi Aroan, Zornotzan ugari ziren burdinolak eta errotak, bai Ibaizabal ibaiaren ertzean, bai beste erreka batzuen bazterrean. Errotak egon badaude oraindik, baina burdinola guztiak desagertu dira, Bernako burdinola izan ezik. Sinestezina bada ere, Zornotzako azken burdinola laster desagertuko da. Duela bi urte tximinia jausi zitzaion, eta orain hormak erortzen ari dira.

Erdi Aroaren azken aldian, XV. mendean, dorretxeen boterea lurraz gain, erroten eta burdinolen kopuruaren arabera neurtzen zen. Zornotzan aukera dugu oraindik dorretxea, burdinola eta errota batera ikusteko, Berna auzoan daude. Baina lotsagarria da zelan dagoen ikustea Zornotzako azken burdinola!
Orain dela urte batzuk, Iurretako Papelerak Bernako burdinolaren hormaren kontra, itsatsita, eraikuntza bat egin zuen ura hartzeko; orain dela bi urte bota zuten tximinia; eta orain bertako hormak erortzen ari dira, ez dago eskubiderik!
Pasa den mende hasieran, hainbat burdinola ikus zitezkeen Zornotzan: Berna, Ibarra, Legarribai, Ugarte, Etxekosinaga (oraindik zerbait dago), Olabarria, Astepe, Amorebieta ... etab. Gaur egun ez dugu bat bera ere osorik mantendu zoritxarrez.
Baina goazen historia arin bat egitera. Euskal Herrian orain dela bi mila urte baino lehenago ezagutzen da burdinarriaren erabilera, baina XIII-XIV. mendeetan hasi ziren ibaietako uraren indarra erabiltzen burdinoletako hauspoa eta mailua mugiarazteko. Hauspoa erabiliz lortzen zuten behar zen tenperatura burdinarria urtzeko eta gero mailua erabiltzen zuten forma emateko.
Sugarri asko behar izaten zen egur-ikatza egiteko eta, haritza eta pagoa erabiltzen zuten horretarako. Orduan suntsitu ziren harizti eta pagadi asko!
Baina, burdinolak ibai bazterrean eraiki ziren, egurra hurbil zegoen tokietan, egur asko behar baitzen kintal batzuk burdina ateratzeko.
Gurdian eramaten zuten minerala meatzetatik burdinoletara eta bertan urtu ondoren egiten ziren lanabesak, hau da, aitzurrak, aizkorak, pikuak, palak,... eta armak ere bai.
Bestalde, 1627an Amorebietan bildu ziren olagizonak, Korregidore nagusia, burdinolen alkatea eta Diputatuak. Bizkaian burdinarri gehiegi ateratzen ari ziren eta beldurra zegoen amaituko ote zen. Batzar horren ostean burdinarri gutxiago ateratzen hasi ziren, debekatu egin baitzen Bizkaitik kanpora burdinarria (minerala) ateratzea, ez ordea burdina landua. Garai horretan Zornotzan burdinola ugari zegoen, hamarretik gora diote adituek egon zirela. Baina XIX. mendean burdinolak itxi egin ziren labe garaiak eta bestelako labeak sortu zirelako.
Joan gaitezen berriz ere harira; burdinolek alkate propioa izateaz gain, Foru propioa ere bazuten Gernikako Batzar Nagusietan idatzia (1440). Olagizonak pribilegiatuak ziren, ez zuten joan behar ez auzolanetara, ez Bizkaiko Jaunaren deira. Burdinoletako lana begi onez ikusita zegoen. Horregatik, burdinolen alkateak epaitu ere egiten zituen euren arteko auziak.
Amaitzeko Erdi Aroaren azkenerantz, hau da XV. mendean, dorretxetik edota arma-etxetik hurbil zeuden errota eta burdinola, dorretxea ibai bazterrean bazegoen behinik behin. Baina hurrengo baterako utzi beharko dugu dorretxeei buruzko informazio interesgarri hau, Zornotza-Amorebieta-Etxano izenen iturburu direlako arma-etxe edo babes-etxe haiek.

miércoles, 12 de diciembre de 2007

EUSKARA (1)




EUSKAL HERRIA ETA EUSKARA


Euskararen inguruan asko idatzi den arren, gaurkoan euskararen inguruko nondik norakoak azaltzera natorkizue. Ibilbide historikoa egiten ahaleginduko naiz, eta zaila bada ere, euskararen jatorria zehazten saiatuko gara. Kontu gehiegi idatzi da horren inguruan, eta benetako frogak gutxi diren arren azken urteotan aurrerapen handiak egon direla esan beharra dago. Baina orain arte argitaratua azalduko dizuet.
Brontze Aroan (K.a. 2.000-K.a. 900) Euskal Herrian euskaraz egiten zela uste dute zientzialari gehienek. Seguru gaude orduko euskara ez zela gaur ezagutzen dugun euskara. Gaur egun, guretzat ulertezina izango litzateke protoeuskara (antzinako euskara), batez ere, azken mendeetan latinaren eta gero erromantzearen eragina handia izan delako. Izan ere, latina (hizkuntza italikoa) indoeuropar hizkuntzen familiakoa da, hau da, Asiatik Europara ekarritakoa orain dela 6.000 urte inguru. Euskara bestalde, hizkuntza bakartua dela esaten dute, hau da, familia ezezagunekoa. Europan indoeuropar ez diren 3 salbuespen baino ez daude: hizkuntza kaukasiarrak, suomiera (finlandiera) eta euskara. Baina hala ere, sekula ezin da esan hizkuntza bat beste bat baino zaharragoa dela, guztiak continuum bat direlako.
Hizkuntza guztiak nonbaitetik datoz, adibidez, gaztelania, frantsesa, katalana,... badakigu latinetik datozela; baina euskararen jatorria zein ote da? Ez dakigu ziur baina lau teoria aipatuko ditut. Seriotasun gabeak baztertu ondoren, zientzialariek honako teoria hauek hartu zituzten aintzat garai batean:
· Euskal iberiarra (vasco-iberismoa): Iberiar penintsula osoan erromatarrak konkistatu baino lehen, hitz egiten zen hizkuntza ia bakarra euskara zela dioena.
· Euskal kaukasiarra: Itsaso Beltza eta Kaspiar itsasoaren arteko Georgia eta Armeniako herrialdeetan hitz egiten den hizkuntzekin lotzen dute euskara ikerlari batzuek. Georgiarrak dira teoria honen aldeko sutsuenak.
· Euskal kamito-semitikoa: Afrikako iparraldean hitz egiten zen hizkuntza zela dioena, berebereen familiakoa eta inbasioen eraginez penintsulara ekarritakoa (gaurko tuareg-ek hitz egiten dutenen familiakoa). Gaur egun baztertutako teoria da.
· Makrofamilia dene-kaukasiarra eta euskara: Hauxe da teoriarik berriena. Hipotesi honek hizkuntza indoeuroparrak ageri baino lehenagoko garaietara garamatza, hau da, orain dela 6.000 urtetik harantzago. Orain hizkuntza hauek irlak bezala egon arren, antzina baturik zeuden, adibidez, txinatar-tibetarrak, kaukasiarrak, Ipar Amerikako hizkuntzak (na-dene izenez ezagunak direnak), euskara, etab.
Euskararen mugak eta azken urteetako ikerketak hurrengo baterako utziko ditut, benetan sorpresak egongo direlako. Hurrengo batean genetika molekularra, antropolinguistika eta antropologia zientzien emaitzen berri emango dizuet, eta horixe izango da azken urteetan egiten ari garen ibilbidea, zientifikoen datuak erabiliz zehaztuko dugu euskararen jatorria, mugak eta abar.
Baina amaitu baino lehen ezin dut utzi aipatu barik Euskal Herria hitzaren jatorria, hau da, euskararen herria. Euskararen eta ohituren inguruan sortutako errealitatea da eta ez inposizio pean sortutakoa, Europako Estatuak sortu ziren bezala.
Oraindik kontzeptu hori ez dago argi Estatu espainiarrean, ez Estatu frantsesean. Eta badirudi gure artean ere ez dagoela argi. Inork ez die zuzentzen tertulianoei eta bertoko politiko batzuei esaten dutenean Euskal Herriak adierazten duen errealitatea ez dela sekula “existitu” eta asmatu berria dela. Ba ez jauna! Izen horrek adierazten duena existitu da, eta existitzen da. Lehen testu idatzietan, XVI. mendean, behin eta berriro aipatzen da Euskal Herria izena zazpi probintziak adierazteko. XVI-XVII. mendeetan, Lazarragak, Leizarragak, Axularrek eta abarrek erabili zuten izen hori kultura ezaugarri jakin batzuk dituen herrialdea adierazteko. Atzerago ezin dugu jo ez daukagulako testu idatzirik, baina ikerlariek uste dute, Erdi Aroan ere, Euskal Herria hitzak adierazten duen errealitatea existitu zela. Beraz, Euskal Herria (euskararen herria) estatu moderno asko baino lehenago sortutako errealitatea dela esan dezakegu.

miércoles, 31 de octubre de 2007

AUZOETAKO NEKEAK


Irakaskuntza (3)

AUZOETAKO NEKEAK

Gogoratuko duzue aurreko batean euskal irakaskuntzaren sorrerari buruz idatzi nuela, baina gaurko honetan, auzo-ikastolak –hala deitzen ziren orduan– zelan eta zergatik zabaldu ziren argitzera natorkizue. Gai hau sakondu nahi izanez gero, Gregorio Arrienen liburua daukazue: EDUCACIÓN Y ESCUELAS DE BARRIADA DE BIZKAIA (Euba, 1987). Hemen, XX. mendearen bigarren hamarkadan auzo-ikastolak eraiki zirenean, herriak argi zeukan hezkuntza zutabe garrantzitsua izango zela euren seme-alaben etorkizunerako eta egia esan behar da asmatu egin zutela jarrera horrekin.

Goazen beraz historia gogoratzera: 1919an Bizkaiko Foru Aldundiak auzo-ikastolen legedia egin zuen eta handik gutxira Amorebieta-Etxanon sei auzo-ikastola eraiki ziren, beste hainbeste auzunetan: Aldanan (ez da ezer geratzen), Boroan, Dudean (Etxanon), Montorran, San Migelen eta Bernagoitin. Hauez gain, bazeuden Etxanoko eskola –­San Migel eta San Juan kaleek bat egiten duten parean– Eubakoa eta Amorebietakoa.
Baina, zelan eta zertarako eraiki ziren auzo-ikastolak? Batez ere, orduko beharrizanei aurre egiteko. Bizkaian, 120 auzo-ikastola inguru egin ziren baserrietako bizilagunei irakaskuntza hurbiltzeko asmoz. Herrigunetik urruti samar zeudenek ez zuten erdigunean bizi zirenen beste aukera eskolara joateko, horregatik, Aldundiak eta Udalek erabaki zuten eskola gehiago eraikitzea. Eta halan egin zen. Auzoko batzuek ekarri zuten egurra basotik, beste batzuek harriak harrobitik eta gero, auzolanean egin zituzten eskolak. Nahiz eta planoak Aldundikoak izan eta Udalak ere zerbait lagundu, auzoetakoak izan ziren lan nekeza hartu zutenak, seme-alabentzat eskola nahi zutelako, jakina!
Gauza bitxia gertatu zen 1921ean, auzo-ikastoletarako andereñoak behar zirenez eta Bilboko eskola txiki geratu zenez, Irakasle-eskola berria eraikitzea erabaki zuen Aldundiak. Orduan, Amorebietako Udalak Aldundiarekin adostu ondoren, lurra erosi zuen Irakasle-eskola berton egiteko. Udalak Izarbekoa baserriko lurra erosi zuen 85.000 pezetatan, eta Aldundiak planoak eta proiektua egin zituen Irakasle-eskola berton eraikitzeko –Escuela Normal de maestras zena–. Baina hauteskundeak heldu ziren eta alderdi politikoen indarrak aldatu zirenez, proiektua ere bertan behera geratu zen.
Baina goazen berriz ere harira. Eskola horietan euskaraz irakasten zen hasiera-hasieratik eta honela zioen Aginduak: “...herri euskaldunetan dena euskaraz, erdal gramatika izan ezik eta, erdaldunagoetan euskaraz idazten eta irakurtzen ikasi behar da, eta beste ikasgai guztiak gaztelaniaz­­ izango dira ...” Baina, 1921ean salaketa batzuen ondoren Valladolideko Unibertsitateko Errektoreak debekatu egin zuen eskoletan euskara irakastea eta Primo de Riveraren diktaduran ere debekuak jarraitu egin zuen. Gero1931n, Errepublikarekin batera, eskola elebidunak ezarri ziren Katalunian. Gure herrian Errepublikarekin, gezurra badirudi ere, auzo-ikastola gehienetan euskara ez ezik erlijioa ere ikasgeletatik atera egin zuten. Erabaki horren ondorioz eta herriak euskal hezkuntza propioa nahi zuelako, 1932an, Euzko ikastolen Federazioak arnasa hartu eta ikastolen proiektuak aurrera egin zuen.
Zornotzan, baina Bizkaia osoan ere esan genezake, ikastetxeen kopurua ikusita, hezkuntzan eman genuen aurrerapausoa ikaragarria izan zen. Eskolak izango dira hemendik aurrera, eta ez familiak ordura arte bezala, kulturaren transmisio-gune nagusiak. Azken mendean euskal gizarteak lortu duen garapena eta aurrerapena, neurri handi batean, irakaskuntzari esker izan da eta ez politikoen erabakiei esker, askok hala uste izan arren.
Honen inguruan informazio gehiago nahi izanez gero, badakizue Gregorio Arrienen EDUCACION Y ESCUELAS DE BARRIADA DE BIZKAIA liburuan duzuela. Irakurri merezi du eta. Baina, Udal liburutegian ez duzuenez beste nonbaitera jo beharko duzue, zoritxarrez.

miércoles, 11 de julio de 2007


Arkitektura (2)

DORRETXEAK ETA ZUBIAK

Aurreko batean idatzi nuen Zornotzan, XIV. mendean hasita, ugari zirela burdinolak eta errotak. Halaber, jarduera ekonomiko horiek izateko, behar-beharrezkoa zen burdina eta garia garraiatzea.Gaurko honetan zubien garrantziaz ohartarazi nahi dizuet. Erdi Aroan zubien zaintza handia zen, segurtasuna eta merkataritzaren kontrola ematen zutelako; garai batean kobratu ere egiten zuten pasatzeagatik. Horrexegatik daude dorretxeak zubi garrantzitsuen ondoan. Gure herrian, antzinako ia zubi guztiak daude, eta dorretxeak ere bai. Dorretxe horiek baserri eginda daude, Amorebietakoa (Cancelada jauregia), Ibarrakoa, Eubako eta Bernakoa.

Bai Erdi Aroan, bai gaur, zubien garrantzia handia izan da, eguneroko bizimodua errazten dutelako. Pentsaezina da gurea bezalako herri baten garapena zubi egokirik gabe.
Eta horrexegatik izan zuten garrantzi handia zubiek eta dorretxe horiek, gure herria betidanik izan delako bidegurutze.
XIII. mendean gure herrian, beste toki askotan bezala, iskanbilak ugari izan ziren. Orduko Gaztelako eta Nafarroako erresumen mugarria gure herriaren erdi-erdian zegoen. Zer esan nahi du horrek? Batzuk Gaztelako erregearen alde zeudela eta beste batzuk Nafarroako erregearen alde. Baina hori horrela esanda, ematen du beste barik gertatu zela, baina ez. Horrek adierazten du egon ziren egonezinak eta borrokak handiak izan zirela. Hala ere, XI. mendetik XIII. mendera muga horiek sarri aldatu ziren.
Eta nortzuk ziren familia edo handiki horiek? Bernatarrak (Bernabeitia-Bernagoitia), Euba, Ibarra, Amorebieta, Etxano, Zornoza, Larrea....
Familia horiek zubiak zaintzen zituzten merkataritza kontrolatzeko; elizaren zergak ere kontrolpean zituzten (hamarrenak); eta beranduago, sortu zen industria ere menpean zuten: errotak eta burdinolak. Horietako gehienek lurrak eta baserriak ere errentan zituzten. Ikus daitekeenez gizarte feudalaren adierazgarri aipatutako guztia.
Baina, Zornotzako familien zatiketak eragina izan zuen parrokietan. Hasieran, parrokiak gizartearen oinarrizko egitura izan arren, gero, parrokia horiek elizate edo anteiglesia egin ziren, elizpeetan batzen zirelako. Familia talde bakoitzak bere eliza nagusia eta baselizak kontrolpean zituen. Horren ondorioz, hiru parrokia daude Zornotzan: Bernagoitia (Euba), Amorebieta eta Etxano.
Ondoren, herritarren zatiketa horrek ekarri zuen zatiketa administratiboa: elizateena. Hau da, alde batetik Euba (ez zen guztiz garatu), bestetik Amorebieta, eta azkenik Etxano. Baina hala ere, ez zen herriaren kontzientzia urratu. Herritarrek Zornotza erabiltzen jarraitu zuten herria izendatzeko eta zornotzar sentitzen ziren. Gaur egun, auzoetakoek erdigunera doazela adierazteko Zorrontzara doazela esaten dute.
Eta nor zen Zornoza familia? Garai batean, Kintana/Kaitana errekaren inguruaz gain Ibarruri-Gorozika kontrolpean zuen familia zen. Eta badirudi erreka hori erresumen arteko muga izan zela.
Luzaroan, Gaztelako erregeak merinoak izendatu zituen eta lan horretarako, Zornoza familiako bat aukeratu zuen. Merinoak aginte handiko gizonak ziren, epaile eta zerga-biltzaile lana egiten zutelako. Erregeari esker merinoak lortzen zuen boterea ikaragarria zen eta batzuetan, merinoaren izena jartzen zitzaion merindadeari, Zornotzan gertatu zen bezala.
Erdi Arotik datorren beste ekintza bat Zubiaurreko plaza da, merkataritza eta zubia lotzen duena. Azoka hori XX. mendera arte mantendu zen, eta gaur egun igandeetako azokan du jarraipena. Oraindik, gure herriko auzoetakoak erosketak egitera doazenean, plazara doazela esaten dute.
Eta amaitzeko, ziur gaude Zubipunten ere zubia egon zela, baina ez dakigu noren menpe zegoen. Hala ere, seguru gaude orduko zubia eraiki berria baino politagoa izan zela. Seguru!

viernes, 15 de junio de 2007

LIRIKA (1)




GABRIEL ARESTIREN POESIA ZORNOTZARRONTZAT
Gaur bi idazle zornotzar eta erdizornotzar aipatu nahi ditut: Felipe Zugazaga eta Gabriel Aresti, osaba-lobak dira eta biek izan zuten gogoan gure herria. Zornotzarekiko begirunea irakur daiteke Gabriel Arestiren HARRI eta HERRI olerki liburuan. Liburu hori, 60. hamarkadaren erdialdean, Bilbon best seller-a izan bazen ere, Zornotzan ez da inoiz aipatzen. Euskaraz eta gaztelaniaz dago idatzia eta horregatik izan da hain irakurria eta hain aztertua hemendik kanpo. Zornotzar guzti-guztiok irakurri beharreko olerki liburua da.

Baina, zer dela-eta lotu ditugu bi idazle horiek? Alde batetik, biek olerkiak idatzi zituztelako zornotzarrentzat eta bestetik, biak familia batekoak zirelako.
Felipe Zugazaga 1866an Amorebietan jaio zen eta 1922an Loiolan hil. Jesuita izan zen eta Matxin mungiarra eleberriaz gain, poesia ere idatzi zuen.
Baina, bi idazle horien arteko lotura Amorebietan aurkitu dugu. Catalina Zugazaga da lokarria, Feliperen arreba eta Gabriel Arestiren amama izan zelako.
Gabriel Aresti 1933an Bilbon jaio bazen ere, aitaren parteko amama eta aitite zornotzarrak dira. Amama Amorebietan jaioa eta aitete Epaltzan jaioa (Etxanon).
Aresti poetaren lehenengo bidaia,1963. urtean, Epaltzako asaba zaharren baserrira izan zen. San Antolin jaiak ziren eta pozarren agertu zen, hiru Arkadiak ezagutu zituelako bertan: baserria, euskara eta kooperatibismoa.
Lehen Arkadia, baserria, Aitaren Etxea, da eta honela adierazi zuen Arestik: –...Zornotzako auzo batera joan nintzan hango jaiak ziralako, San Antolin jaiak, hangoa da nire aitaren familia, eta han dauden gehienak ezagutzera joan nintzan...­­
Bigarren Arkadia, euskara naturala da eta hau esan zuen: –...Bospasei etxe baino eztago auzoan, ez dago eskolarik... Orain arte euskereak iraun badau ezelango ofizialtasunik gabe izan da, baserritarra lurrari, soloari lotuta egon dalako...
Hirugarren Arkadia, kooperatibismoa, anaitasun rusonianoa esaten dute adituek eta honela adierazi zuen Arestik: –...Euskal baserritarra berez komunista da, alkarzalea, kooperatibista... orduan ari ziren epaltzarrak auzolanean basotik ura ekartzen baserrietara.
Gero, 1963an, bigarren bidaian Astepera joan zen, sustraiak aurkitu nahirik. Orduan ohartu zen Astepe, Amorebieta zela eta Epaltza, Etxano. Epaltza zen mundu rurala eta Astepe langileriarena. Aro sinbolistatik Aro sozialera egiten ari zen jauzia. Maldan behera idatzita zuen eta HARRI eta HERRI ari zen idazten. Ibilaldi horretan, Markesasti ezagutu zuen, antzinako Marques de Arestiren lurrak, eta topatu zuen errealitatea, antza, ez zitzaion gustatu. Ez dugu ahaztu behar orduan komunista zela.
Baina goazen idatzi zuena aztertzera. 1963an, Gabriel Aresti Epaltzan eta Astepen egon zen. Orduan liburua idazten ari zenez, nabariak dira toki horien aipamenak, adibidez, Astepeko Sekretarioaren bertso berriak, zaharrak eta libreak izeneko atala.
HARRI eta HERRI (1964) olerki liburuak lau atal ditu:
Liburuaren lehen atalean, Aresti bere existentziaren inguruan ari da.
Liburuaren bigarren eta hirugarren ataletan, lagunei eskainitako olerkiak irakur daitezke eta familiakoei egindakoak ere bai.
Azkenik, laugarren atalean, zornotzarroi eskainitako poemak dira: Astepeko Sekretarioaren bertso berriak, zaharrak eta libreak.
HARRI eta HERRI olerki liburua da, nire ustez, euskal literaturaren olerki libururik handiena, aztertuena eta miretsiena.Eta amaitzeko, datorren urtean 75 urte beteko dira Gabriel Aresti jaio zela eta tamalgarria izango litzateke poeta ez gogoratzea. Zor zaharra, zor txarra!