viernes, 15 de junio de 2007

LIRIKA (1)




GABRIEL ARESTIREN POESIA ZORNOTZARRONTZAT
Gaur bi idazle zornotzar eta erdizornotzar aipatu nahi ditut: Felipe Zugazaga eta Gabriel Aresti, osaba-lobak dira eta biek izan zuten gogoan gure herria. Zornotzarekiko begirunea irakur daiteke Gabriel Arestiren HARRI eta HERRI olerki liburuan. Liburu hori, 60. hamarkadaren erdialdean, Bilbon best seller-a izan bazen ere, Zornotzan ez da inoiz aipatzen. Euskaraz eta gaztelaniaz dago idatzia eta horregatik izan da hain irakurria eta hain aztertua hemendik kanpo. Zornotzar guzti-guztiok irakurri beharreko olerki liburua da.

Baina, zer dela-eta lotu ditugu bi idazle horiek? Alde batetik, biek olerkiak idatzi zituztelako zornotzarrentzat eta bestetik, biak familia batekoak zirelako.
Felipe Zugazaga 1866an Amorebietan jaio zen eta 1922an Loiolan hil. Jesuita izan zen eta Matxin mungiarra eleberriaz gain, poesia ere idatzi zuen.
Baina, bi idazle horien arteko lotura Amorebietan aurkitu dugu. Catalina Zugazaga da lokarria, Feliperen arreba eta Gabriel Arestiren amama izan zelako.
Gabriel Aresti 1933an Bilbon jaio bazen ere, aitaren parteko amama eta aitite zornotzarrak dira. Amama Amorebietan jaioa eta aitete Epaltzan jaioa (Etxanon).
Aresti poetaren lehenengo bidaia,1963. urtean, Epaltzako asaba zaharren baserrira izan zen. San Antolin jaiak ziren eta pozarren agertu zen, hiru Arkadiak ezagutu zituelako bertan: baserria, euskara eta kooperatibismoa.
Lehen Arkadia, baserria, Aitaren Etxea, da eta honela adierazi zuen Arestik: –...Zornotzako auzo batera joan nintzan hango jaiak ziralako, San Antolin jaiak, hangoa da nire aitaren familia, eta han dauden gehienak ezagutzera joan nintzan...­­
Bigarren Arkadia, euskara naturala da eta hau esan zuen: –...Bospasei etxe baino eztago auzoan, ez dago eskolarik... Orain arte euskereak iraun badau ezelango ofizialtasunik gabe izan da, baserritarra lurrari, soloari lotuta egon dalako...
Hirugarren Arkadia, kooperatibismoa, anaitasun rusonianoa esaten dute adituek eta honela adierazi zuen Arestik: –...Euskal baserritarra berez komunista da, alkarzalea, kooperatibista... orduan ari ziren epaltzarrak auzolanean basotik ura ekartzen baserrietara.
Gero, 1963an, bigarren bidaian Astepera joan zen, sustraiak aurkitu nahirik. Orduan ohartu zen Astepe, Amorebieta zela eta Epaltza, Etxano. Epaltza zen mundu rurala eta Astepe langileriarena. Aro sinbolistatik Aro sozialera egiten ari zen jauzia. Maldan behera idatzita zuen eta HARRI eta HERRI ari zen idazten. Ibilaldi horretan, Markesasti ezagutu zuen, antzinako Marques de Arestiren lurrak, eta topatu zuen errealitatea, antza, ez zitzaion gustatu. Ez dugu ahaztu behar orduan komunista zela.
Baina goazen idatzi zuena aztertzera. 1963an, Gabriel Aresti Epaltzan eta Astepen egon zen. Orduan liburua idazten ari zenez, nabariak dira toki horien aipamenak, adibidez, Astepeko Sekretarioaren bertso berriak, zaharrak eta libreak izeneko atala.
HARRI eta HERRI (1964) olerki liburuak lau atal ditu:
Liburuaren lehen atalean, Aresti bere existentziaren inguruan ari da.
Liburuaren bigarren eta hirugarren ataletan, lagunei eskainitako olerkiak irakur daitezke eta familiakoei egindakoak ere bai.
Azkenik, laugarren atalean, zornotzarroi eskainitako poemak dira: Astepeko Sekretarioaren bertso berriak, zaharrak eta libreak.
HARRI eta HERRI olerki liburua da, nire ustez, euskal literaturaren olerki libururik handiena, aztertuena eta miretsiena.Eta amaitzeko, datorren urtean 75 urte beteko dira Gabriel Aresti jaio zela eta tamalgarria izango litzateke poeta ez gogoratzea. Zor zaharra, zor txarra!