jueves, 27 de marzo de 2008

KIROLA (1)


ZORNOTZAKO BOLA-JOKOAK


Gure herrian, nahiz eta hainbat bolatoki egon, bola-jokoa ez da batere ezaguna kaletarren artean, beharbada inguruko auzoetan daudelako bolatokiak. Eta noiz errotu zen kirol hau gure herrian? Ziur ez dakigu, baina antzinako kontua dela ezin da ukatu. Denetariko iritziak bildu ditut honen inguruan: batzuk harrigarriak eta beste batzuk posibleak. Baina, egia esan ez dago ezer zehatzik. Ibilbide historikoa egiten saiatuko naiz, ea zerbait argitzen dugun.

Gaur egun, bola-jokoa ia ezezaguna izan arren zornotzar askorentzat, duela mende bat, pilota baino zabalduagoa eta arrakastatsuagoa zen; eta ez zegoen jai ospakizunik bola-txapelketa barik. Antzina, meza entzun ondoren bolatokien inguruan batzen ziren gazteak, horixe zelako jarduera ludikorik zabalduena Bizkaian.
Aurreko mendean, Bizkaian 400 bolatokitik gora zeuden, gaur egun ordea, ez daude 100 bolatoki, eta horietatik 10 Zornotzan; beraz, ezin dugu ahaztu desagertzear dagoen kirol honek ikerketa sakonagoa merezi duela gure ondare historikoa delako. Goazen bada, bolen inguruko historia xumea egitera.
Batzuek esaten dute Grekoen garaiko kirola dela, Odisea obran Homerok idazten duelako nola jokatzen duten boletara Peneloperen maitaleek. Beste batzuek esaten dute Erromatarren garaikoa dela eta armada erromatarrak zabaldu zuela bola-jokoa Europan zehar. Eta azkenik, Telesforo Aranzadi eta euskal aditu batzuk daude zelten garaiko kirola dela esaten dutenak. Hiru teoria hauek dokumentatu gabeko hipotesiak direla esango nuke, baina badago laugarren bat, bola-jokoa Europan sortu zela dioena; Alemanian, VI. mendean hain zuzen. Alemaniako adituek diote bertako monasterioetako bakardadean monjeek jokatzen zutela boletara, eta handik inguruko herrialdeetara zabaldu zela; eta gero, Santiagoko bidea dela eta, erromesek hona ekarri zutela bola-jokoa.
Eta zergatik du pisu gehiago laugarren hipotesiak besteek baino? Dokumentu idatzietara jotzen badugu ez dagoelako ia ezer erromatarren, edo grekoen, edo zelten garaiko jokoa dela adierazten duenik. Adibidez, XIII. mendean Alfontso X.a Jakitunaren garaian Jolasen liburuan, ez da aipatu ere egiten bola-jokoa. Beraz askoren iritziz, Europan bola-jokoa oso zabaldua zegoen arren, gure artean oraindik ez; eta mende batzuk beranduago, Santiagoko bidea egiten ari ziren erromesek ekarriko zuten iparraldetik hona. Gero, XVII-XVIII. mendeetako dokumentuek adierazten dute kirol hau gure artean oso zabaldua egon zela. Jakina, denborarekin arauak eta modalitateak aldatuz joan dira; Bizkaiko modalitatea ez da Arabakoa, ez Gipuzkoakoa, ez Kantabriako modalitatearen modukoa, ezta Bearnoko modalitatea ere.
Euskal Herritik kanpo, gugandik hurbil, bola-jokoa oso hedatuta dago. Alde batetik, Kantabrian uste dute euskaldunok euskal pilota daukagun moduan, eurak bola-jokoa dutela. Eta bestalde, Bearnoko bizilagunek ere uste dute bola-jokoa bertan sortutako kirola dela. Baina egia esan, gaur egun, Frantziako hegomendebaldean oso zabaldua dago bola-jokoa eta badirudi, Bearnotarrek zabaldutako kirola dela.
Bukatzeko, hedapenaren inguruan esan beharra dago bola-jokoa Garona ibaiaren eta Ebro ibaiaren artean kokatzen dela, bereziki. Baskoniako eta Gaskoniako lurraldeetan oso zabaldua garai batean. Erromanizazioa baino lehen, harreman handiko bi lurralde ziren eta etorkizunean, uste dugu sorpresa handiak egongo direla.

EUSKARA (2)


EUSKARAREN MUGAK


Euskararen jatorriari buruz idatzi nuen aurreko batean, lau teoria aipatu nituen, baina gaurkoan, euskararen mugetatik ibilbide historikoa egiten ahaleginduko naiz. Badakit lan zaila dela baina alde batetik, toponimian eta euskaldunei buruz idatzitako testuetan oinarrituz, eta bestetik, paleolinguistikak eta paleoantropologiak markatutako bidea urratuz ahaleginduko naiz bidea egiten. Mitxelena, Caro Baroja eta beste hizkuntzalari askok urratutako bidea egingo dugu. Populazioaren genetikak edo biologia molekularrak ere lagunduko digu ibilbide honetan.

Erromatarrak etorri baino lehen, euskararen mapa oraingoa baino askoz
zabalagoa zela uste dugu. Epigrafiak eta toponimiak –tokien izenak– lagundu digute mugak zehazten eta zientzialari askoren ustez, euskara, Pirinioetako errealitatea izan da. Beraz, lasai asko esan daiteke euskararen eta euskal etniaren bizkarrezurra Pirinioak izan direla, duela 2.500 urtetik Erdi Arora. Eta lehenago zer?
Paleolinguistikak emandako datuak, hau da, linguistek emaniko datuak bat datoz paleoantropologiak –giza aztarnak eta fosilak ikertzen dituen zientziak– eta biologia molekularrak emandako datuekin.
Ikerlari guztiek onartzen dute Cro-Magnon gizakia Afrikako homo sapiens sapiensaren eboluziotik sortu zela. Eta gizaki horrek arrasto ugari utzi ditu gure inguruan, arrasto horri labar-artea –edo arte rupestrea– deitzen zaio. Garai haietako gizakiaren artean bi adierazpide daude: alde batetik, haitzuloetako pintura edota grabatuak eta bestetik, arte higigarria, hau da, estatutxoak, etab. Orduko gizakiaren arrastoak ugari dira gure inguruko haitzulotan; Lascaux, Altamira, Ekain eta Santimamiñe dira horietako batzuk, baina 150etik gora dira guztira. Haitzulo horietako hormetan mamutak, hartzak, elur-oreinak, zaldiak eta abar ageri dira pintatuta. Izan ere, Cro-Magnon gizakiaren arte horrek hartzen duen lurraldea ia bat dator euskal toponimiaren maparekin. Ikerlariak hasi dira deitzen inguru honi euskal-akitaniar ingurua.
Zientzien emaitzak eta mapak bat datoz. Adibidez, Cavalli-Sforzak, estatubatuar genetistak, esan du gizateriaren herentzia biologikoa aztertu ondoren, Cro-Magnon gizakiaren lurralde hori –arte rupestrearena– eta antzinako euskararen mapa bat datozela inguruko fluxu genetikoarekin. Hau da, hiru zientziak bat datoz mapa eratzeko orduan. Kasualitatea, agian? Batek daki!
Bestalde, badaude hizkuntzalariak mapa hori iberiar penintsula osora zabaltzen dutenak eta harrigarriagoa oraindik azken hilabeteetan argitaratu dena, Jorge Maria Ribero-Meneses-ek adierazi du euskara dela Europan dagoen hizkuntzarik zaharrena eta hizkuntza erromanikoen ama. Baina bitxikeriak bitxikeria...
Goazen beste bitxikeria bat aipatzera. Duela urte bat argitaratu da britainiarrak euskaldunen ondorengoak direla. Stephen Oppenheimer-ek, Oxford Unibertsitateko irakasleak, genetika ikerketak erabiliz, adierazi du Cro-Magnon gizakia Euskal Herrian, Kantabrian eta Akitanian bizi izan zela hemengo klima egokiagoa omen zelako, eta izoztea joan zenean inguru honetako gizakiak iparralderantz jo zuela britainiar irletaraino. Orduan, britainiarrak euskaldun jendearen ondorengoak direla baieztatzera heldu da. Bai harrigarria hau ere! Hala ere ez da gauza ziurra.
Badago zer aztertu gure inguruan, bai gero! Baina horrela jarraituz gero, gure arbasoak bizi izan ziren lurrak eraikinez beteko ditugu eta ezin izango dira ikerketak egin, zoritxarrez!Gauza txikiagoetara etorriz, eta amaitzeko, ezin dut utzi esan barik gure herriko toponimiak ere azterketa sakon bat merezi duela. Toponimo (tokien izenak) batzuek inguruarekin lotura zuzena dute, adibidez, Bizkargi, Belatxikieta, Torreburu, eta abar, beste batzuek kristautasunarekin, esate baterako, San Migel, San Bartolome, San Isidro, San Antonio, eta azkenik badaude beste toponimo batzuk esanahi ilunagoa dutenak, adibidez, Boroa, Euba, Eustoa, Erkoles, Berna, Kaitana, Amorebieta, Zornotza eta abar, baina toponimiak beste artikulu bat merezi duenez beste egun baterako utziko dugu.