miércoles, 12 de diciembre de 2007

EUSKARA (1)




EUSKAL HERRIA ETA EUSKARA


Euskararen inguruan asko idatzi den arren, gaurkoan euskararen inguruko nondik norakoak azaltzera natorkizue. Ibilbide historikoa egiten ahaleginduko naiz, eta zaila bada ere, euskararen jatorria zehazten saiatuko gara. Kontu gehiegi idatzi da horren inguruan, eta benetako frogak gutxi diren arren azken urteotan aurrerapen handiak egon direla esan beharra dago. Baina orain arte argitaratua azalduko dizuet.
Brontze Aroan (K.a. 2.000-K.a. 900) Euskal Herrian euskaraz egiten zela uste dute zientzialari gehienek. Seguru gaude orduko euskara ez zela gaur ezagutzen dugun euskara. Gaur egun, guretzat ulertezina izango litzateke protoeuskara (antzinako euskara), batez ere, azken mendeetan latinaren eta gero erromantzearen eragina handia izan delako. Izan ere, latina (hizkuntza italikoa) indoeuropar hizkuntzen familiakoa da, hau da, Asiatik Europara ekarritakoa orain dela 6.000 urte inguru. Euskara bestalde, hizkuntza bakartua dela esaten dute, hau da, familia ezezagunekoa. Europan indoeuropar ez diren 3 salbuespen baino ez daude: hizkuntza kaukasiarrak, suomiera (finlandiera) eta euskara. Baina hala ere, sekula ezin da esan hizkuntza bat beste bat baino zaharragoa dela, guztiak continuum bat direlako.
Hizkuntza guztiak nonbaitetik datoz, adibidez, gaztelania, frantsesa, katalana,... badakigu latinetik datozela; baina euskararen jatorria zein ote da? Ez dakigu ziur baina lau teoria aipatuko ditut. Seriotasun gabeak baztertu ondoren, zientzialariek honako teoria hauek hartu zituzten aintzat garai batean:
· Euskal iberiarra (vasco-iberismoa): Iberiar penintsula osoan erromatarrak konkistatu baino lehen, hitz egiten zen hizkuntza ia bakarra euskara zela dioena.
· Euskal kaukasiarra: Itsaso Beltza eta Kaspiar itsasoaren arteko Georgia eta Armeniako herrialdeetan hitz egiten den hizkuntzekin lotzen dute euskara ikerlari batzuek. Georgiarrak dira teoria honen aldeko sutsuenak.
· Euskal kamito-semitikoa: Afrikako iparraldean hitz egiten zen hizkuntza zela dioena, berebereen familiakoa eta inbasioen eraginez penintsulara ekarritakoa (gaurko tuareg-ek hitz egiten dutenen familiakoa). Gaur egun baztertutako teoria da.
· Makrofamilia dene-kaukasiarra eta euskara: Hauxe da teoriarik berriena. Hipotesi honek hizkuntza indoeuroparrak ageri baino lehenagoko garaietara garamatza, hau da, orain dela 6.000 urtetik harantzago. Orain hizkuntza hauek irlak bezala egon arren, antzina baturik zeuden, adibidez, txinatar-tibetarrak, kaukasiarrak, Ipar Amerikako hizkuntzak (na-dene izenez ezagunak direnak), euskara, etab.
Euskararen mugak eta azken urteetako ikerketak hurrengo baterako utziko ditut, benetan sorpresak egongo direlako. Hurrengo batean genetika molekularra, antropolinguistika eta antropologia zientzien emaitzen berri emango dizuet, eta horixe izango da azken urteetan egiten ari garen ibilbidea, zientifikoen datuak erabiliz zehaztuko dugu euskararen jatorria, mugak eta abar.
Baina amaitu baino lehen ezin dut utzi aipatu barik Euskal Herria hitzaren jatorria, hau da, euskararen herria. Euskararen eta ohituren inguruan sortutako errealitatea da eta ez inposizio pean sortutakoa, Europako Estatuak sortu ziren bezala.
Oraindik kontzeptu hori ez dago argi Estatu espainiarrean, ez Estatu frantsesean. Eta badirudi gure artean ere ez dagoela argi. Inork ez die zuzentzen tertulianoei eta bertoko politiko batzuei esaten dutenean Euskal Herriak adierazten duen errealitatea ez dela sekula “existitu” eta asmatu berria dela. Ba ez jauna! Izen horrek adierazten duena existitu da, eta existitzen da. Lehen testu idatzietan, XVI. mendean, behin eta berriro aipatzen da Euskal Herria izena zazpi probintziak adierazteko. XVI-XVII. mendeetan, Lazarragak, Leizarragak, Axularrek eta abarrek erabili zuten izen hori kultura ezaugarri jakin batzuk dituen herrialdea adierazteko. Atzerago ezin dugu jo ez daukagulako testu idatzirik, baina ikerlariek uste dute, Erdi Aroan ere, Euskal Herria hitzak adierazten duen errealitatea existitu zela. Beraz, Euskal Herria (euskararen herria) estatu moderno asko baino lehenago sortutako errealitatea dela esan dezakegu.