miércoles, 31 de octubre de 2007

AUZOETAKO NEKEAK


Irakaskuntza (3)

AUZOETAKO NEKEAK

Gogoratuko duzue aurreko batean euskal irakaskuntzaren sorrerari buruz idatzi nuela, baina gaurko honetan, auzo-ikastolak –hala deitzen ziren orduan– zelan eta zergatik zabaldu ziren argitzera natorkizue. Gai hau sakondu nahi izanez gero, Gregorio Arrienen liburua daukazue: EDUCACIÓN Y ESCUELAS DE BARRIADA DE BIZKAIA (Euba, 1987). Hemen, XX. mendearen bigarren hamarkadan auzo-ikastolak eraiki zirenean, herriak argi zeukan hezkuntza zutabe garrantzitsua izango zela euren seme-alaben etorkizunerako eta egia esan behar da asmatu egin zutela jarrera horrekin.

Goazen beraz historia gogoratzera: 1919an Bizkaiko Foru Aldundiak auzo-ikastolen legedia egin zuen eta handik gutxira Amorebieta-Etxanon sei auzo-ikastola eraiki ziren, beste hainbeste auzunetan: Aldanan (ez da ezer geratzen), Boroan, Dudean (Etxanon), Montorran, San Migelen eta Bernagoitin. Hauez gain, bazeuden Etxanoko eskola –­San Migel eta San Juan kaleek bat egiten duten parean– Eubakoa eta Amorebietakoa.
Baina, zelan eta zertarako eraiki ziren auzo-ikastolak? Batez ere, orduko beharrizanei aurre egiteko. Bizkaian, 120 auzo-ikastola inguru egin ziren baserrietako bizilagunei irakaskuntza hurbiltzeko asmoz. Herrigunetik urruti samar zeudenek ez zuten erdigunean bizi zirenen beste aukera eskolara joateko, horregatik, Aldundiak eta Udalek erabaki zuten eskola gehiago eraikitzea. Eta halan egin zen. Auzoko batzuek ekarri zuten egurra basotik, beste batzuek harriak harrobitik eta gero, auzolanean egin zituzten eskolak. Nahiz eta planoak Aldundikoak izan eta Udalak ere zerbait lagundu, auzoetakoak izan ziren lan nekeza hartu zutenak, seme-alabentzat eskola nahi zutelako, jakina!
Gauza bitxia gertatu zen 1921ean, auzo-ikastoletarako andereñoak behar zirenez eta Bilboko eskola txiki geratu zenez, Irakasle-eskola berria eraikitzea erabaki zuen Aldundiak. Orduan, Amorebietako Udalak Aldundiarekin adostu ondoren, lurra erosi zuen Irakasle-eskola berton egiteko. Udalak Izarbekoa baserriko lurra erosi zuen 85.000 pezetatan, eta Aldundiak planoak eta proiektua egin zituen Irakasle-eskola berton eraikitzeko –Escuela Normal de maestras zena–. Baina hauteskundeak heldu ziren eta alderdi politikoen indarrak aldatu zirenez, proiektua ere bertan behera geratu zen.
Baina goazen berriz ere harira. Eskola horietan euskaraz irakasten zen hasiera-hasieratik eta honela zioen Aginduak: “...herri euskaldunetan dena euskaraz, erdal gramatika izan ezik eta, erdaldunagoetan euskaraz idazten eta irakurtzen ikasi behar da, eta beste ikasgai guztiak gaztelaniaz­­ izango dira ...” Baina, 1921ean salaketa batzuen ondoren Valladolideko Unibertsitateko Errektoreak debekatu egin zuen eskoletan euskara irakastea eta Primo de Riveraren diktaduran ere debekuak jarraitu egin zuen. Gero1931n, Errepublikarekin batera, eskola elebidunak ezarri ziren Katalunian. Gure herrian Errepublikarekin, gezurra badirudi ere, auzo-ikastola gehienetan euskara ez ezik erlijioa ere ikasgeletatik atera egin zuten. Erabaki horren ondorioz eta herriak euskal hezkuntza propioa nahi zuelako, 1932an, Euzko ikastolen Federazioak arnasa hartu eta ikastolen proiektuak aurrera egin zuen.
Zornotzan, baina Bizkaia osoan ere esan genezake, ikastetxeen kopurua ikusita, hezkuntzan eman genuen aurrerapausoa ikaragarria izan zen. Eskolak izango dira hemendik aurrera, eta ez familiak ordura arte bezala, kulturaren transmisio-gune nagusiak. Azken mendean euskal gizarteak lortu duen garapena eta aurrerapena, neurri handi batean, irakaskuntzari esker izan da eta ez politikoen erabakiei esker, askok hala uste izan arren.
Honen inguruan informazio gehiago nahi izanez gero, badakizue Gregorio Arrienen EDUCACION Y ESCUELAS DE BARRIADA DE BIZKAIA liburuan duzuela. Irakurri merezi du eta. Baina, Udal liburutegian ez duzuenez beste nonbaitera jo beharko duzue, zoritxarrez.